Azken orduetan zortzi lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuaren Barne ministroak arratsaldean esan duenez, ETAko kide direlakoan. Gipuzkoan, Andoainen Jose Angel Lerin Sanchez atzeman dute, Donostian Juan Carlos Herrador, Idiazabalen Iñigo Orue, Zizurkilen Itziar Agirre; Araban, Oionen Endika Zinkunegi; Nafarroan, Uharte Arakilen Lorea Irigoien, eta Arkaitz Agote ere atxilotu dute (non, ordea, ez dute esan oraindik). Bestearen berririk ez dago, oraingoz, baina gizonezko bat da. Etxebizitza batzuk miatzen ari dira, Rubalcabaren esanetan.
Barne ministroak adierazi du "ETAren azpiegituraren kontrako operazio zabala" izan dela. Dena dela, ez du xehetasun askorik eman. Geroago berriro hitz egitekoa da.
Jose Angel Lerin Sanchez da gaur goizean Andoainen atxilotu dutena. Polizia iturriek eman dute atxiloketaren berri, baina zehazki non eta nola atzeman duten ez dute argitu. Aipatutako iturrien arabera, Lerin Sanchezek 36 urte ditu, iruindarra da, eta 2005etik alde eginda zegoen. Guardia Zibila Andoaingo etxebizitza bat miatzen ari da 15:45etik.
Askatasunak esan duenez, berriz, Donostian atxilotu dutena Juan Carlos Herrador Pousa da. 39 urte dauzka eta donostiarra da. Zortzi guardia zibil 14:15ean Antigua auzoan Antiguotarrak elkartean sartu dira eta hura eraman dute handik. Auzoan 20:00etan manifestazioa egingo dute.
Iñigo Orue donostiarra da, Antigua auzokoa, eta Idiazabalen atxilotu dute. Askatasunak eman haren izena.
Zizurkilen atxilotutakoaren izena Euskadi Irratiak eman du, eta Itziar Agirre da.
Endika Zinkunegi usurbildarra da eta Oionen atxilotu dute kalez jantzitako guardia zibilek, Askatasunaren arabera.
Lorea Irigoien Arbizu bere herrian atzeman dute, Uharte Arakilen, etxean zela. Askatasunak eman haren izena ere.
Atxiloketak
Zortzi lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak, ETAkoak izatea egotzita
Andoainen Jose Angel Lerin Sanchez atzeman dute, Donostian Juan Carlos Herrador, Idiazabalen Iñigo Orue, Zizurkilen Itziar Agirre, Oionen Endika Zinkunegi, Uharte Arakilen Lorea Irigoien eta beste bat Arkaitz Agote da; bestearen berririk ez dago, oraingoz, baina gizonezkoa bat da. Rubalcabak esan du "ETAren azpiegituraren kontrako operazioa" izan dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu