Atxiloketak

Zortzi lagun atxilotu ditu Poliziak Lapurdin, kale erasoekin lotuta

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera, Arkaitz Toner, Mattin Olzomendi, Joel Zurutuza, Iker Edme, Dabid Bachacou, Peio Hirigoien, Xabi Hirigoien eta Peio Elizeri atzeman dituzte. Higiezinen salmentarako bulegoen eta gune turistikoen kontrako erasoetan parte hartzea leporatzen diete. Sarekadarekin lotuta, EHZ festibalaren egoitza nagusia miatu dute Hazparnen. Elkarretaratzeak egingo dituzte arratsaldean.

2010eko martxoaren 30a
19:14
Entzun
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) zabaldu duenez, Frantziako Poliziak zortzi lagun atxilotu ditu azken orduetan Lapurdin kale erasoekin lotuta: Arkaitz Toner eta Mattin Olzomendi Ziburun, Joel Zurutuza Donibane Lohizunen, Iker Edme Azkainen, Dabid Bachacou Kanbon, Peio Hirigoien eta Xabi Hirigoien Hazparnen eta Peio Elizeri Angelun. Higiezinen salmentarako bulegoen, eta, oro har, interes turistikoen kontrako erasoetan parte hartzea leporatzen diete.

Gazte horiek atxilotzeaz gain, zenbait miaketa egin ditu Poliziak. Batetik, atxilotuen etxeetan, eta, bestetik, Hazparnen, EHZ Euskal Herria Zuzenean festibalaren egoitza nagusian. Olzomendi festibaleko liberatua da, eta 11:30etik aurrera bi orduz miatu dute lokala. EHZ Ipar Euskal Herriko gazteek azken urteetan abian jarritako ekimen sendoenetakoa da, eta urtero milaka lagun biltzen ditu uztail hasieran. Gainera, kulturgintzarekin eta herrigintzarekin zerikusia duten hainbat proiektu sustatzeko bidea da.

AAMk elkarretaratzeak antolatu ditu atxiloketak salatzeko: 19:00etan, Donibane Lohizunen, Azkainen, Kanbon eta Hazparnen, eta 18:30ean Baionan -polizia etxearen aitzinean-. Haietan parte hartzeko deia egin du. Era berean, atxiloketa horien bidez Frantziako Gobernuak "bere ahuldade politikoa" ezkutatu nahi duela uste du, eta, bide batez, Ipar Euskal Herriko arazo eta aldarrikapenak isilararazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.