Hiru etxebizitzatan egin ziren atxiloketa guztiak, eta denetan ordu berean sartu ziren poliziak: 06:00etan. Frantziako polizia iturrien arabera, atxilotuak lo zeuden eta bortxarik erabili gabe egin zituzten atxiloketa guztiak. Operazioa hainbat orduz luzatu zen, Poliziak hiru etxebizitzak miatu baitzituen, atxilotuak bertan zeudela. Polizia iturrietatik zabaldu eta Espainiako Barne Ministerioak baieztatu zuenez, «armak, nortasun agiri faltsuak, ordenagailuak, matrikula faltsuak eta hainbat dokumentazio» atzeman zizkieten atxilotuei. Zortzi atxilotuei «ETAren aparatu militarreko erreserba taldeen buruzagitzako kideak» izatea egozten diete, eta «desegintzat» jotzen dute ETAko kide liberatuen harreraz arduratzen zen egitura. Gainera, ETAren «udako atentatu kanpaina» zapuztu dutela diote polizia arduradunek. Atzo miatutako etxebizitzei dagokienez, polizia iturrien diote ETAko ekintzaileak «trebatzeko» erabiltzen zituztela.Atzo zabaldu zuten informazioaren arabera, Frantziako Poliziak hilabeteak zeramatzan operazioa prestatzen, eta operazioan miatutako etxebizitzak kontrolatzen. Haien arabera, Ibon Fernandez Iradiren atxiloketan aurkitutako informazioak zabaldu zuen ikerketa bide hori.
Arma eta dokumentazio ugari
Miaketetan aurkitutako materialari buruzko informazioa ere zabaldu zuten polizia iturriek. Informazio horien arabera, Angerseko etxebizitzan markarik gabeko pistola bat, bi kargadore, gidabaimen eta nortasun agiri faltsu bana, ETAren eskuliburu bat, bi baliza detektore, nomina faltsu batzuk, disketeak, CDak, inpresora bat eta 1.900 euro atzeman zituzten; Le Manseko etxean, berriz, pistola bat, Espainiako gidabaimen bat, nortasun agiri faltsuak, trokelatu gabeko Frantziako matrikulak, ETAren eskuliburu bat, eskuko ordenagailu bat, baliza detektore bat eta 30.000 euro; azkenik, Limogesen zortzi pistola, bi kargadore, munizio kaxa bat, 300 kartutxo, Frantziako 300 agiri administratibo, Hego Amerikako nortasun agiri faltsuak, informatika materiala, matrikulak eta 12.700 euro.
Atxilotuei buruz ere informazio ugari zabaldu zuten atzo; batez ere, atxilotuen aurrekariei buruzkoa. Informazio horien arabera, atxilotuetako bi ÐLopez de Bergara eta Estevez PazÐ Frantzian preso egon ziren, 1995ean atxilotuak izan ostean; biak Frantziatik kanporatuak izan ziren, espetxe zigorra bete ostean. Martinez Bergara, berriz, ihesean epaitu zuten 1993an, eta bost urteko zigorra jarri zioten zortzi tona dinamita lapurtzeagatik. Aitziber Coello ere ihesean epaitu zuten, eta hiru urtera zigortu zuten.
-
BARNE MINISTROEN ADIERAZPENAK
«Presioagatik, gero eta iparralderago»
Frantziako eta Espainiako Barne ministroak, Dominique de Villepin eta Jose Antonio Alonso, gustura agertu ziren atzo polizia operazioaren emaitzarekin. Berri agentziek zabaldu zutenez, Villepin bera izan zen Alonsori gertatutakoaren berri eman ziona, eta «terrorismoaren kontrako borrokan Frantziaren eta Espainiaren arteko elkarlan onarengatik gustura» agertu zen. Iritzi bera agertu zuen Alonsok ere, hedabideen aurrean 13:00etan egindako agerraldian.
Alonsok «garrantzi handiko» operaziotzat jo zuen atzokoa, «bururik gabe» utzi dituztelako ETAren «erreserba taldeak». Bestalde, atxiloketak non izan diren kontuan hartu, eta horrek ETAren ahulaldia agerian uzten duela esan zuen: «ETA hain dago estutua, bere jendea gero eta iparralderago bidali behar duela Frantziako geografian». Bestetik, pozik agertu zen, «ihes egindako ekintzaileak gordetzeko ETAren planak zapuztu dituztelako, eta horiek berrantolatzeak luze joko duelako». Villepinen deia eta Alonsoren agerraldia, Europako Batasuneko agintariek Bruselan goi bilera egiten zuten bitartean gertatu zen; han, Jacques Chirac eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Frantziako eta Espainiako presidenteak luze hitz egin zuten elkarrekin.