politika

Zortzi lagun atxilotu dituzte Lekeition izandako kale istiluetan

Ertzain-etxean daude oraindik. Hainbat pertsona zauritu egin dira. Bart izan dira iskanbilak gazteen eta ertzainen artean. Festatan daude herrian, eta goizean ere pilotakadak bota zituzten poliziek txosnen gunean -84 urteko gizon bat zauritu zuten-.

2009ko irailaren 7a
19:43
Entzun
Istilu handiak izan dira bart Lekeition (Bizkaia) gazteen eta ertzainen artean, eta Ertzaintzak zortzi lagun atxilotu ditu. Bere esku segitzen dute. Hainbat pertsona zauritu egin dira; haien artean, ertzain bat, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak esan duenez.

Honen arabera, gazte batzuk gauerdian ertzain-etxearen atarira joan dira -Pascual Abaroa etorbidean dago-, eta harriak, botilak eta beste hainbat gauza bota dituzte. Ondoren, edukiontziak gurutzatu dituzte kalean eta batzokiaren, banku eta aseguru-etxe batzuen aurka egin dute, betiere Ertzaintzak dioenez. Horren aurrean, ertzainak oldatu egin zaizkie.

Festatan daude Lekeition, eta atzo ospatu zuten, hain zuzen, Antzar Eguna. Dena dela, atzo goizean ere hartu zuen parte Ertzaintzak, pilotakadak bota zituelako. 10:30 eta 11:00 tartean poliziak portuko txosnen gunera joan eta eduki politikodun pankartak kentzen hasi ziren. Jendea txistuka hasi eta ertzainek pilotakadaka erantzun zuten; lekukoen arabera, 84 urteko gizon bat zauritu zuten.

Erreakzioak

Lekeitioko Udalak gaitzetsi egin ditu istiluak. Udalaren arabera, erasotzaileek bizilagunak “arrisku larrian” jarri zituzten eta egindako kalteek “Lekeitioko diru kutxari gastua suposatuko” diote.

Kale erasoa, udan Euskal Herrian egon den “beroketa globalean” kokatu du Udalak eta herriak “indarra neurtzeko borroken erdigune bihurtu” direla nabarmendu du, “herritarrak izugarrikeria horien biktima bihurtuz”. Frankismotik ez zela horrelako istilurik gertatu eta “gogoeta” eskatu du.

Kaltetutako bizilagunentzat laguntza eta aholkularitza tekniko eta administratiboa jarri du Udalak.

Jokin Bildarratz Eudel EAEko udalen elkarteko presidenteak elkartasuna agertu die lekeitiarrei, "beldurra pasatu dutelako", eta han jaietan horrelako istiluak azkeneko aldiz 1975ean izan zirela nabarmendu du.

Rodolfo Ares Eusko Jaurlartizako Herrizaingo sailburuak ere babesa eskaini die "herritarrei, Udalari eta kalteak jasan dituztenei". Istiluen egileak "terroristei babesa emateko festak lehertu nahi dituzten fanatikoak" dira, Aresen arabera, eta ekintzak gaitzetsi ditu. Ertzaintzak lan egiten jarraituko duela gaineratu du, "indarkeria justifikatu eta defenditzen dutenak eremu publikoez ez jabetzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.