Polizia operazioa

Zortzi lagun atxilotu dituzte, tartean bi abokatu, Segikoak izatea egotzita

Irailaren 5etik, ETAk ekintza armatuen etetea iragarri zuenetik, 42 lagun atxilotu dituzte, sei polizia operaziotanRubalcabak dio «terrorismoaren aurkako politika» ez dela aldatu frogatu duela

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziak zortzi lagun atxilotu ditu, Nafarroan, Gasteizen, Bilbon, Aranjuezen (Madril) eta Kanarietako Lanzarote uhartean, Segikoak izatea egotzita. Atxilotuetako sei gazte mugimenduetan aritzen direnak dira: Oihana Lopez, Eneko Villegas, Izaskun Goñi, Garazi Autor, Ainhoa Villaberde eta Saioa Zubiaur. Beste bi, ordea, ez. Euskal presoen defentsa lanetan aritzen diren abokatuak dira: Haizea Ziluaga eta Haritz Escudero. Hala ere, Segiko kide izatea egotzita atxilotu dituzte guztiak, Fernando Grande-Marlaska epaileak agindutako polizia operazioan. Espainiako Barne Sailak zabaldutakoaren arabera, gazte erakundeari aholkuak ematea egotzi diete bi abokatuei; Poliziaren ikerketei eta Justiziari iskin egiteko aholkuak ematea.

Urtebeteko epean Segi gazte erakundearen aurka Marlaskak agindutako hirugarren polizia operazioa da honakoa. Iazko azaroan 35 gazte atxilotu zituzten, eta iragan urrian 14. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako presidenteorde eta Barne ministroak atzo ohartarazi zuenez, gainera, ez du Segiren aurkako jazarpena eteteko asmorik: «ETAren harrobiaren zati handi bat hor dago eta atxilotuen lana ordezkatzeko asmoa dutenek jakin dezatela Polizia atzean izango dutela».

«Erasoak eraso, argi utzi nahi dugu hartutako konpromisoa berresten dugula eta Rubalcabari adierazi nahi diogu gure determinazioa ez dela aldatu, ezta aldatuko ere», erantzun du Segik ohar bidez. Ezker abertzaleak bultzatutako prozesu demokratikoarekin bat datorrela esan du, eta bide horretan lanean segituko duela.

Irailaren 5etik, ETAk ekintza armatuen geldialdia iragarri zuen unetik,Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak egindako seigarren polizia operazioa da honakoa. 42 euskal herritar atxilotu dituzte ordutik. Operazio horien bidez Espainiako Gobernuak eman nahi duen mezua argi azaldu zuen Rubalcabak: «Atxiloketa hauek dira terrorismoaren aurkako politika ez dela aldatu erakusten duen hamaikagarren froga; Poliziak eta Guardia Zibilak ETA eta bere inguruan daudenak jazartzen jarraitzen duten froga».

Lau hilabete horietan atxilotutako 42 lagunetatik 25ek salatu dituzte torturak. Hain zuzen, atxilotutakoek inkomunikazio egoeran jasan dezaketen tratuarekiko kezka agertu dute AAMk eta Segik.

Ziluagaren atxiloketa ezagutu zen lehenik, asteazken iluntzean. Aranjuezeko espetxeko atarian atxilotu zuten 20:00ak inguruan, euskal preso batzuei lan-bisita egin ondoren. Kartzelatik ateratzen ari zela kalekoz jantzitako poliziak gerturatu, eta atxilotuta zegoela esan zioten. Laneko paperak eta autoa miatu, eta atxiloketaren zergatia azaldu gabe eraman zuten inkomunikatuta.

Bilbora eraman zuten: lantoki duen abokatuen bulegora etxeko giltzak hartzera, lehenik, eta Zazpikaleetako bizilekura, gero.

Ziluaga atxilotu zuten ordu bertsuan detenitu zuten Escudero ere, Lanzarote irlan. Oporretan zen abokatua bere bikotekidearekin. Hoteleko gelan zeuden biak, eta kalekoz jantzitako poliziak joan zitzaizkien bertara. Escudero atxilotuta zegoela esan, eta, hoteleko gela miatu ondoren eraman zuten inkomunikatuta, zer leporatzen zioten esan gabe. Bikotea etengabe jarraitu dute azken egunotan poliziek.

Madrilera eraman zuten hegazkinez Escudero, eta gero Bilbora. Ziluaga abokatuen bulegotik atera ondoren eraman zuten hango miaketara, biak elkar ikus ez zitezen. Ondoren eraman zuten Santutxuko etxea miatzera. Etxe aurrean senide eta lagun multzoa zegoen zain, eta poliziak guztiak identifikatu zituen.

Pueyoren material politikoa

Abokatuen atxiloketak baino beranduago etorri ziren gainontzekoenak, gauerdia jota.Garazi Autorren etxera atzo 00:15ak aldera joan ziren dozena bat polizia. Iruñeko Donibane auzoan bizi da, gurasoekin. Bi orduz miatu zuten etxea, eta atxilotuaren ordenagailu, argazki kamera etabar eramateaz gain, amaren sakelako telefonoak, USB memoria eta materiale politikoa eraman zituzten. Marine Pueyo ezker abertzaleko zinegotziaren alaba da Autor.

Ondoren, taberna batetara eraman zuten atxilotua, bertako langile zela esanaz. Autorrek ez du sekula taberna horretan lan egin baina hala ere taberna miatu, hango langilea eta jabea luzaro atxikia izan, galdekatu, eta tabernako hainbat gauza eta dirua eraman zituzten poliziek.

Izaskun Goñi ere Iruñean atxilotu zuten, Txantrea auzoan, aurrekoaren ordu bertsuan. Bere telefonoa eta nebarena, nebaren ordenagailua, eta atxilotuaren, nebaren, amaren eta nebaren neska-lagunaren USB memoriak eraman zituzten. Goñi azaroan epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, lan egiten duen Zurgai tabernatik presoen argazkiak kentzeari uko egiteagatik.

Eneko Villegas Atarrabiako gazte kontseiluko kidea da. Bere etxera ere gauerdia jota joan ziren poliziak. Bere eta neska-lagunaren ordenagailuak eta argazki kamerak, eta neska-lagunak martxoaren 8ko mobilizazio feminista bategatik jasotako isuna ordaintzeko gordeak zituen 2.000 euro eraman zituzten poliziek.

Ainhoa Villaverde Gasteizen atxilotu zuten, etxean, eta Saioa Zubiaur, Bilbon. Zeberiokoa den arren Bilbon bizi da.

Atxiloketak salatzeko mobilizazioak egin ziren iluntzean, atxilotuen herri eta auzoetan. Zeberion 110 lagunek egin zuten protesta eta Bilboko Uribarrin 35ek. Santutxukoa da Ziluaga eta han bizi da Escudero. Ehunka lagun manifestatu ziren han. Indautxun, elkarretaratzea egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.