Zortzi mila urte bereizirik

Pirinio mendebaldeko jendeen berezitasun genetikoa erakutsi du Iker zentroak egin duen ikerketak

Berezitasun genetikoak aztertzen aritu diren bost ikertzaileak, emaitzen berri jakinarazten, herenegun. BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Pirinio mendebaldean kokatzen ziren populuek —gaur egun euskara atxikitzen den tokietan— antz genetiko handia dute elkarren artean, eta duela zortzi mila urte inguru bereizi ziren Europako beste populu batzuengandik. Baionako Iker zentroak Mendebaldeko Pirinioetako populamenduaren denbora luzeko historiari buruz egindako ikerlanaren emaitza nagusia da, ostiral gauean Baionan aurkezturikoa. Hizkuntzari dagokion geografia ere kontuan hartu dute ikerketa egiteko, nahiz eta euskalkien eremuan oinarrituz ikerketa Espainia eta Frantziako lurralde batzuetan ere egin duten. Antropologo, genetikalari eta hizkuntzalari batzuek egin dute ikerketa, elkarlanean. Frederic Bauduer antropobiologoak, David Comas genetikalariak, Jean Marie Hombert hizkuntzalariak, Beñat Oihartzabal hizkuntzalariak eta Lluis Quintana-Murci genetikalariak aurkeztu zituzten emaitzak, herenegun gauean.

Orotara, 967 pertsonaren DNA laginak aztertu dituzte, 18 eremutan; bakoitzean, 50 pertsona inguru. «Bi irizpide egon dira lagina hautatzeko: batetik, gizonak izatea, eta, bertze aldetik, 60 urtez gorakoak», azaldu zuten ikertzaileek. Gainera, haien lau aitatxi-amatxiek ikerketa eremu berean sortuak izan behar zuten; hots, laurak hizkera bereko eremu batekoak. Gizonak hautatu dituzte, eta ez emazteak, azterketa mitokondriala eta Y kromosomarena egin ahal izateko. Lau arbasoak eremu berekoak izanik, XIX. mendearen bukaerako egoerara itzultzeko bidea segurtatu dute.

Hurbil eta bereizirik

Emaitza teknikoak ziren, korapilatsuak DNAren irakurketan ohituak ez direnentzat, baina publiko zabalak ulertzeko gisan azaldu zituen Beñat Oihartzabal Iker zentroko zuzendariak. «Hemengo jendeak aspalditik hemen kokatuak dira. Badira genetikaren aldetik markatzaileak, seinale batzuk, erakustera ematen dutenak duela zortzi mila urte inguru hasi zirela hemengo jendeak besteengandik bereizten eta haien markatzaileak garatzen».

Genetikalariek atzeman dituzten markatzaileak Mendebaldeko Pirinioetako populuetan atzematen dira, gaur egun euskaraz mintzatzen den eremuetan nagusiki, eta ez Europako bertze populuetan. Bertze populuetan ere agertzen dira markatzaile horiek, baina gaur egun euskaraz hitz egiten duten tokietan portzentajea biziki handiagoa da. Oihartzabalek erran du hizkuntzak ere zerikusia ukan dezakeela bilakaera horretan.

Azaldu du hizkuntzak berak ez duela eraginik geneen bilakaeran, jendeen ezaugarria baita, ez hizkuntzarena. Baina demografia dentsitatea anitzez txikiagoa zen garaietan, gehiago ugaltzen ziren elkar ulertzen zuten jendeen artean. Bertze gisa batera adierazteko, bertako jendeak gutxiago nahasi direla bertze jende batekin, konparatuz gero inguruko populuei. Oihartzabalek ohartarazi du bat baino gehiago izan daitezkeela horren arrazoiak: geografikoak,politikoak, erlijioa. «Biziki luzera begiratzen delarik, hizkuntza aipatzen da. Hizkuntzarekin lotura izateak ez du erran nahi hizkuntzak eragin duela berezitasun hori». Bertako jendeak beren artean ugaltzeko joera zeukatela eta euskaldunak zirela ondorioztatu daiteke. Ez gehiago.

Alta, ez da ageri berezitasun genetikorik euskalkiei loturik. Bertako jendeen arteko balizko ezberdintasunak aztertu dituzte, eta argi azaldu dute ez dagoela ezberdintasun genetikorik Ipar eta Hego Euskal Herriko euskaldunen artean. Muga politikoak ez du eragin. Egungo euskalkien eremuan ere ez dute eraginik ikusi. Alta, euskaldunen arteko berezitasun genetikoak, euskalkiei loturik ez badago ere, ñabardurak erakusten ditu aspaldiko tribuen kokapenaren arabera; izan daitezen baskoiak, izan daitezen barduliarrak edo karistiarrak. Bertze ikerketa bat litzateke tribu horiek nor ziren ikertzea, eta nola mintzatzen ziren. Bertze ikerketa eremu bat zabaltzen du horrek, Iker taldearen lanetik at gelditzen dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.