Dokumentua "bake planaren plana" dela gogorarazi du aurkezpenean Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkariak, "abiapuntua" dela. Jarraipen batzorde bat ere izango du aurrerantzean, eta zirriborroan aurkeztutako hemezortzi ekimen zehatzen inguruan akordioak lortzen saiatuko dira.
Denera, 27 zuzenketa zehatz jaso dituzte ekainean zirriborroa aurkeztu zutenetik. Horien artean, torturak ikertzeko batzorde "independente" bat sortu beharra eta presoak gizarteratzeko bidean "salbuespen politikak" gainditu beharra. Aurrez ez bezala, iheslariak ere hartuko ditu kontuan planak.
Bake eta Bizikidetza Planari egindako ekarpen asko orokorrak izan direla aintzat hartuta, planaren interpretazio esparrua "definitu" nahi izan du Eusko Jaurlaritzak hitzaurre batekin. Bost puntu jaso ditu hitzaurre horretan:
1- "Orainean kokatzeko gutxieneko oinarri etiko eta demokratikoak"
Joan den legealdian adostutako zoru etikoa osorik sartu dute, eranskin gisa, "orain arte lortutako adostasunik handiena" dela iritzita.
Zoru etikoak hiru printzipio nagusi ezartzen ditu: batetik, indarkeria bidegabea izan dela eta samina eragin duela aitortzen du; bestetik, biktimek duintasunerako eskubidea dutela dio; eta, azkenik, aro berria soilik ETAk desegitea erabakitzen duenean lortuko dela. Printzipio horiek modu nabarmenean jasota, PSE-EEri eta PPri keinua egin nahi izan die Jaurlaritzak, bi alderdion aldarrikapen nagusietakoa izan baita Eusko Legebiltzarrean hitzartutako akordio etikoa. Biek ala biek zoru etikoa baliatu izan dute legebiltzarreko bake lantaldearen lana trabatzeko, aurrena, eta Jaurlaritzaren bake planaren aurka agertzeko, gero.
2- "ETAren amaieraren aurreko jarrera"
"Baldintza politikorik gabe ETA amaitzeko, desagertzeko edo desegiteko exijentzia" jaso dute, planaren oinarri gisa. Horretarako erakundeek "erantzukizunez" jokatu behar dutela ere esan dute.
3- "Iraganaren kontakizuna"
Esan dute ez dagokiola inori kontakizun bat "inposatzea", eta gogoeta partekatu bat ahalbidetzeko baldintzak sortzea izan behar dela Jaurlaritzaren eta erakundeen lana. Gutxieneko gisa, adierazi dute ezin dela "argudio bat bera ere" erabili giza eskubideen urraketak zilegitzat jo edo eragina txikiagotzeko.
4- "Hainbat jatorritako urraketen tratamendua"
Giza eskubide urraketek "hainbat jatorri eta proportzio" izan dituela dio planak: ETA eta "antzeko taldeak", Segurtasun Indarrak eta "estatuaren izenean aritutakoak", eta talde parapolizialak eta eskuin muturrekoak. Tratamendu "osoa" izango dela dio, "bat bera ere baztertu gabe", baina gaineratu du ETAren indarkeria "espresuki" aztertu behar dela.
5- "Etorkizunaren aurreko lehentasunaren zentzua"
"Gutxieneko etiko eta demokratiko batzuk partekatzeko gauza den gizarte bat eraiki nahi dugu, gainerako guztiaz bermeekin eztabaidatzeko".