Gernikako batzar etxean egin du gobernu kontseilua Eusko Jaurlaritzak, oroitzeko Jose Antonio Agirre gaurko egunez izendatu zutela Jaurlaritzako lehendakari, eta azalpenak eman ditu ondoren Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.
Beharrezkotzat jo du Eusko Legebiltzarreko Bake eta Bizikidetzarako lantaldea berrabiaraztea, eta, "euskal tradizio politiko guztiek parte har dezaten", Eusko Jaurlaritzak "zoru etikoa birdefinitzeko" asmoa adierazi du. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Hasier Arraiz Sortuko presidentearekin batzartu zen atzo, eta Arraizek bileraren ondoren eginiko balorazioarekin bat dator Erkoreka: "Jokaleku berri bat dago, EH Bilduren jarrera aldaketari esker".
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Beatriz Etxebarriaren eta Oihan Ataunen tortura salaketen harira Espainia zigortu duela-eta, Jaurlaritzak oroitarazi du sententzia ugari daudela Espainiako Gobernuaren kontra "giza eskubideak urratzeagatik".
Bestalde, Erkorekak nabarmendu du Jaurlaritzak badituela espetxe arloko eskumenak: "[Jaurlaritzak] Ezin ditu gauzatu bere eskumenak, Espainiako Gobernuak ez duelako betetzen legea".