Zubeldia: "Podiumean pentsatzea askotxo da"

2012ko uztailaren 10a
15:57
Entzun

Haimar Zubeldia sailkapeneko 6. postuan kokatuta iritsi da Frantziako Tourreko lehen atseden egunera. Radioshacken talde gizon gisa abiatu zuen itzulia, baina eman duen maila apartak taldeko lider bihurtu du. Errola berrituta, helburuak ere aldatu egin ditu. "Helburua sailkapen nagusian ahalik eta goren amaitzea da", adierazi du gaur, atseden egunean. Hala ere, ez du podiumarekin itsutu nahi: "Podiumean pentsatzea askotxo da".

Jakin badaki Bradley Wiggins eta Cadel Evans, eta baita neurri handi batean Chris Froome ere, beste maila batean daudela, eta horregatik "euren arteko lehian sor litezkeen nahasteuneak" aprobetxatu nahi ditu aurrera egiteko. "Beti izan naiz lasai korritzearen aldekoa, baina argi dut indarrik izanez gero erasora joko dudala".

Ez dio beldurrik taldeko lider izateari, badaki zer den Tourreko lehen hamarretan sailkatzea. Euskaltel-Euskadin zela, bitan sailkatu zen bosgarren postuan: 2003an eta 2007an. 35 urte dauzka, baina bere burua indartsu ikusten du Radioshackeko txirrindulariak. Herenegun aspaldian Tourrean egindako erlojupeko onenetakoa egin zuen: hamahirugarren postuan sailkatu zen, Wiggins irabazlearekiko bi minutu eta hogei segundora.

Maxime Monfort eta Tony Gallopin taldekideak ere ondo sailkatuta egoteak, eta Andreas Kloden eta Franck Schleck oso urruti ez egoteak, taldeko estrategiak egiteko aukera emango diela nabarmendu du Zubeldiak. Gainera, bere buruarengan konfiantza handia agertu du, eta aipatu ez duela taldekideen laguntzarik behar lehen hamarretan sailkatzeko. Radioshackek Skyk orain arteko etapa guztietan erakutsi duen hegemonia desorekatzea izango du helburu, hortaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.