Errauste planta

Zubieta eta Usurbil arteko bidea itxi dute bi hilabeterako, erraustegira gasa eramateko

Usurbilgo Udalak salatu du bere udalerritik ere sartu direla azpiegitura lan horiek egitera, baina ez dutela beren baimenik.

Gaurko agerraldia. BERRIA
2017ko uztailaren 4a
15:10
Entzun

Zubieta eta Usurbil arteko errepidea bi hilabeterako itxi zuten atzo, erraustegirako, espetxerako eta Eskuzaitzetako industrialderako gasa sartzeko azpiegitura egiteko asmotan. Zubietako Herri Batzarrak eta Usurbilgo Udalak salatu dute ez dutela inolako jakinarazpenik jaso ez lanak egiten hasi den Naturgas Energia Distribucion SAU enpresatik, ezta Donostiako Udaletik ere. "Ohiko ibilbideak itxi dizkigute; larrialdiren bat gertatuz gero, ez dago inolako aurreikuspen planifikaturik; ez daukagu hondakinak non utzi eta nola jaso; garraio publikoa murriztu eta trakestu egin dute; eta abar. Kalte horiek jasango ditugunok ez dakigu ezer", adierazi du Joxe Mari Zubimendi Zubietako alkateak, gaur egindako agerraldian. Donostiako Udalari "nagusikeriaz" jokatzea egotzi dio Zubimendik, eta Usurbil eta Zubietako herritarrei "begirunea galdu" diela. "Gure herri bizitza beste interes batzuen azpitik dagoela erakutsi dute, hamaikagarren aldiz".

Xabier Arregi Usurbilgo alkateak nabarmendu du bai usurbildarrak eta bai zubietarrak erraustegiaren aurka azaldu direla eta jada kalte egiten hasi zaiela. Azpimaratu du bi udalerritatik ari direla obrak egiten, baina Usurbilgo Udalak ez diola baimenik eman obra egiten ari den enpresari. "Hainbat berraztertze helegite eta udal sailen txostenaren ondoren, zerbitzu publikoak eta herritarren pasabidea bermatzen duen plana eskatu zaio enpresari. Ez da oraindik planik jaso". 

Hala, obra geldiarazteko eskatu dute, Zubieta, Usurbil eta Donostiaren artean "irtenbide egokia" adostu eta herritarrei jakinarazi arte. Izan ere, zenbait herritar obretara hurbildu dira kontu eske egunotan, eta, informazioa ez jasotzeaz gain, Donostiako udaltzainen "jazarpena" jasan dutela salatu du Arregik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.