Hiri hondakinen kudeaketa

Zubietako errauste plantak %110eko "gaindimentsioa" izango duela salatu du GuraSOSek

Hitzartu prozesuaren barruan Gipuzkoako hondakinen kudeaketaz ontzen ari diren planaren bigarren fasearen ondorioak aurkeztu ditu.

Errauste planta, irailean egindako argazki batean. GORKA RUBIO, FOKU
arantxa iraola
2018ko urriaren 23a
13:18
Entzun

Behar dena baino handiagoa da: "Gaindimentsionatutakoa". Zubietan eraikitzen ari diren errauste plantari akats hori egotzi behar zaiola salatu du gaur goizean GuraSOS elkarteak Donostian egindako agerraldian. Datuak eman ditu horretarako: Europak gaur egun hondakinak kudeatzeko ezarriak dituen irizpideen arabera, "txarrenera ere" 2035. urtean 96.312 tona hondakin geratuko dira tratatzeko, eta errauste planta 200.000 tonarako prestatuta dago. Hortik ondorioa: "Gaindimentsioa %110ekoa da". GuraSOS elkarteko ordezkari Joxemari Izetak eman ditu argibideak; Hitzartu prozesuaren barruan Gipuzkoako hondakinen kudeaketaz ontzen ari diren planaren barruan egindako kalkuluak dira. Bigarren fasean dago plangintza hori; seigarrenera bitartekoak geratzen dira orain, baina datozen hilabeteetan bukatzeko asmoa dute, eta urtea amaitu aurretik Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztea da asmoa.

"Etxea teilatutik hasi zuten". Joxemari Izetaren arabera, errauste planta sustatu duten agintarien jarduna okerra izan da. Uste du azpiegitura egiteko lanak oraindik lizitatzeko zeudela 2016an, gogoeta sakon bat egin behar zela hondakinen kudeaketan izango diren premien inguruan, baina muzin egin zitzaiola horri. Gogoeta falta horren ondoriotzat ditu plazaratu berri dituzten zenbakiak. Agintariak ezinbestean errauste planta bat egiteko temari atxikita ari direla uste du, neurri jakin batekoa nahi dutela, gainera, eta ez dela berria. Izan ere, nabarmendu du "berriro" agertu dela azpiegituraren gaindimentsioaren arazoa. Hain zuzen ere, orain bi aste jakin da GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko buruzagi ohi Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin errugabetu egin dituela Espainiako Kontuen Auzitegiak errauste planta geratzeko hartu zuten erabakiaren harira egungo GHK-ko buruek abiatu zuten auzibidean. Egin nahi zen plantaren "gaindimentsioa" erabili zuten Intxaurrandietak eta Errazkinek erabaki horren alde, eta haiek errugabetu dituen sententziak ere onartzen du "gaindimentsionatuta" zegoela egitasmo hura.

Errauste plantaren alde egiteko plazaratu izan diren datuetan ere beste akats bat ikusten dute GuraSOSeko arduradunek. "Puztuta" ikusten dituzte datu horiek, hondakin industrialak eta lohiak, esaterako, hortxe sartuta. Diru iturri publikoen "desbideraketa larri bat" ikusten dute hor; izan ere, gogora ekarri dute errauste planta pagatuko dela herritarrek hondakinen kudeketarako pagatzen dituzten tasekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.