Zubietako errauste plantako eraikitzaileei kalte-ordainak handitzea salatu dute

Gipuzkoa Zero Zabor taldeak «xantaia» egitea egotzi dio Hondakinen Partzuergoko jarduneko buru Carlos Ormazabali

Carlos Ormazabal bilerara sartzen, Gipuzkoa Zero Zaborreko kideen protesta artean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Zubietako errauste planta «blindatu» eta etorkizuneko partzuergoaren lana eta erabakiak baldintzatu nahi izatea egotzi dio Gipuzkoa Zero Zaborrek (GZZ) jarduneko Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko Administrazio Kontseiluari.

Maiatzeko udal eta foru hauteskundeen ostean, datorren astean da osatzekoa Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko administrazio kontseilu berria. Baina jarduneko zuzendaritzak ezohiko bilera egin zuen atzo. Bertan ziren onartzekoak errauste plantaren oinarrizko proiektua.

Zuzendaritza berria eratzeko bilera egin arte atzo onartutakoa ez duela jakinaraziko adierazi zion BERRIAri jarduneko partzuergoak.

Bilera hasi aurretik protesta egin zuen GZZk. Bertan salatu zuen oinarrizko proiektua onartuta enpresekin egindako kontratu berriak indarrean jarriko direla. Azken batean, proiektua gauzatzeko bidean jarriko da. «Partzuergo berriak proiektua atzeratzea edo geratzea erabakiko balu, kontratu horiek bertan behera uzteak gastu itzela eragingo luke».

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko jarduneko lehendakari Carlos Ormazabalek maiz azaldu izan du errauste planta eteteak gutxienez ehun milioi euroko kalte-ordaina eragingo lukeela. «Oinarrizko proiektua onartuta, 2.000.000 euro gehituko lituzke xantaiari. Gipuzkoar bakoitzari hiru euro kenduko dizkigu Ormazabalek errauste planta egin dadin daraman xantaia elikatzeko».

GZZren ustez, Ormazabal «nahita» ari da kalte-ordain horiek eragiten. «Otsailean ere hala jokatu zuen, bankuekin errauste planta finantzatzeko maileguak sinatu zituenean. Gero, lotsagabeki, kalte-ordain horien ardura agintari berriei egozten die, duela gutxi prentsan egin zuen bezala», salatu du.

Orain aste batzuk, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Juan Carlos Alduntzinek adierazi zuen baztertu egiten zuela egungo errauste plantaren lanekin aurrera jarraitzea. Hala, proiektua eten eta zaborren kudeaketaren inguruan eztabaida hastearen alde egin zuen: «Azpiegiturak beharko dira, baina biltzeko moduak aztertu egin beharko dira, eta behar diren azpiegiturak eraiki».

Bat egin du diputatuaren iritziarekin GZZk. «Gogoeta tarte horrek berebiziko garrantzia dauka, munduan zehar osasuna, ingurumena eta ekonomia lehenetsiz praktikara eraman eta emaitza ona lortzen ari diren esperientziak aztertu eta Gipuzkoara egokitzeko. Hori da hondakinen arazoari irtenbidea emateko ikusten dugun norabidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.