Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak eta EIB Europako Inbertsioen Bankuak Zubietako errauste planta finantzatzeko akordio bat erdietsi dute. Horren arabera, 195 milioi euro mailegatuko dizkio EIBk partzuergoari, errauste planta eraiki dezan.
Gipuzkoako hondakinen partzuergoa osatzen duten erakundeek atzo goizean onartu zuten, %74ko babesarekin, errauste planta finantzatzeko plana. La Caixak eta Banestok ere finantzatuko dute proiektua: guztira, 68 milioi euro emango dizkiote partzuergoari, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 125 milioi euro gastatuko ditu. Guztira, 380 milioi euro beharko dituzte errauste planta eraikitzeko.
Europako Inbertsioen Bankuak, La Caixak eta Banestok mailegatutako diruari dagokionez, horiek ez dute bermerik eskatu: partzuergoaren aldetik «konpromisoak» eskatu dituzte. Zorrak 21 urtean kitatu beharko ditu partzuergoak.
Legegintzaldia amaitu aurretik, EAJk, PSEk, PPk eta Hamaikabatek errauste plantaren eraikuntza «lotuta» utzi nahi dutela salatu du Ricardo Ortegak, Ezker Batuko Lasarte-Oriako zinegotzi eta Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako kontseilariak. Partzuergoak EIBrekin erdietsitako akordioak atsekabea eragiten diola adierazi du Ortegak: hemendik aurrera, hondakinen kudeaketa banku horien esku egongo dela uste du. Ortegak ez du ulertzen EIBk «Europako Batasunaren ingurune printzipioen aurkako» proiektu bat finantzatzea. Gipuzkoarren osasunaren kontura aberastea egotzi die Ortegak La Caixari eta Banestori.
Zero Zabor filosofia
Hondakinak modu iraunkor batean kudeatzeko eta birziklatzea eta berrerabilpena sustatzeko asmoz, Zubidon herri plataforma sortu dute Donostian.
Ekimena Zero Waste deritzon filosofiarekin bat dator, eta errauste plantaren ondorio ekonomiko eta sozialen berri ematea eta eztabaidatzea du xede. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren proiektuaren aurrean, beste aukera batzuen alde azaldu dira Zubidonen sortzaileak: Europako beste leku batzuetan atez atekoa edota SDDP sistema ongi funtzionatzen ari dela nabarmendu dute. SDDP sistema plastikozko potoengatik errenta bat ordaintzean datza, eta birziklatzeaz gain, dirua berreskuratzea ahalbidetzen dio herritarrari.
ELAk, LABek eta CCOOk, Greenpeacek eta Eguzkik, Ezker Batuak, ezker abertzaleak eta Aralarrek bat egin dute ekimenarekin.
Zubietako errauste plantaren finantzaketa, hitzartuta
Europako Inbertsioen Bankuak 195 milioi euro emango ditu; beste hainbat mailegurekin lortuko dituzte beste 68
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu