Obrak hasi eta gero gelditu egin zituzten, eta aldundiak eta enpresek kontratua eten egin zuten. 2015ean, EAJk hauteskundeak irabazi eta gero, Gipuzkoako Aldundiak berriro hartu zuen erraustegia eraikitzeko bidea. Bitarte horretan, ordea, proiektu horrentzako ingurumen baimen integratua iraungi egin zela defenditzen dute Hernaniko, Oiartzungo eta Usurbilgo udalek, eta horregatik jo zuten auzitara.
Udalek salatu zuten ingurumen baimena berritzeko beharrezkoa zen prozedura ez zutela jarraitu administrazioek, eta presaka egin zela. Gainera, proiektua berria zela eta aurreko ingurumen baimenak ez zuela harentzat balio ere ohartarazi zuten. Auzitara jo bai, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez ditu aintzat hartu salaketak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak berak eman du epaiaren berri, eta balorazioa egin du: "Gipuzkoaren borondateari entzungor egiten jarraitzen dutenei autoritatea kendu die auzitegiak". Aldundiaren esanetan, epaileek berretsi dute erraustegiaren proiektuak segurtasun juridikoa bermatua duela, eta jarraitutako prozedura zuzena izan dela.
Epaiaren arabera, ingurumen baimenak zehaztutako epearen barruan hasi ziren erraustegiaren obrak, eta ezin da esan, beraz, iraungi egin denik. Era berean, auzitegiaren esanetan, proiektuak urte guztiotan izan dituen aldaketak ez dira esanguratsuak izan, ez ingurumen baimen berri bat egiteko adinakoak bederen.