Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak ingurumen baimen integratua (IBI) eman diola Zubietako erraustegiari. GHK-k ohar batean azaldu duenez, «Europako, estatuko eta autonomia erkidegoko» araudietan ezarritako ingurumen eta administrazio baldintza «guztiak» gainditzen ditu plantak.
«Zabortegien aroa amaitu da, eta Gipuzkoako ekonomia zirkularrari, energia trantsizioari eta klima aldaketaren aurkako borrokari atea irekitzen die gure ekonomia bultzatzeko ardatz berriak», azpimarratu du Jose Ignacio Asensio GHK-ko presidente eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak. Zubietako plantak ekonomian eta «enplegu berdea sortzeko» orduan duen «garrantzia» nabarmendu du Asensiok.
Baimena lortzeko prozesua «zaila eta luzea» izan dela adierazi du, eta, gogoratu duenez, plantari IBIa aurrenekoz eman zitzaionetik, 2010eko apiriletik, aldatu egin dute, «azpiegitura berrietara egokitzeko».