Joan den maiatzaren 7an, Zubietako erraustegitik Arkaitzerreka errekara isurketa kutsagarri bat egin zen. Hasieran, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak eta haren buru Jose Ignacio Asensiok ukatu egin zuten gertaera; baina handik egun gutxira aitortu zuten amoniako isurketa bat gertatu zela Arkaitzerrekara. Hala ere, GHK-k erraustegiko gunea kudeatzen duen enpresari egotzi zion gertatutakoaren errua.
Talde ekologistak kexu ageri dira GHK-k eduki duen jarrerarekin, eta zalantzan jartzen dute ea erraustegiko jarduna kontrolatuta dagoen: «Ez da hain kontrol zorrotza izango, baldin eta hori guztia —isurketa bera barne— oharkabean pasatu bazaie». Horrez gain, hiru taldeek ohar bat igorri dute, eta gehitu salaketa publikorik egin ezean «ez litzatekeela inortxo ere jabetuko» isurketaz.
Gertaera hori salatu egin zuten maiatzean Gipuzkoako Fiskaltzan, eta, handik, Donostiako 5. Instrukzio Epaitegira bidali dituzte auziari buruzko diligentziak. Salatzaileek adierazi dute «herri akusazio gisa aurkezteko aukera aztertzen» ari direla.