Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko presidenteak adierazi duenez, partzuergoak "eskumen osoa du Zubietako errauste plantaren proiektua bertan behera uztea erabakitzeko", argudiatuta GHK bera dela lanak sustatu dituena.
Proiektuak ez dituela Eusko Jaurlaritzak jarritako ingurumen arauak betetzen argudiatu zuen Intxaurrandietak Zubietako planta egiteko lanak bertan behera uzteko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, ordea, erantzun dio proiektuari emandako ingurumen baimen bateratuak indarrean jarraitzen duela eta plantaren proiektuan egindako aldaketak ez direla lanak bertan behera uzteko adinakoak.
"Ingurumen Baimen Bateratua indarrean egongo da, baina indarrean ez dagoena, ilegaltasunean erori gabe, Zubietan egitekoa zen proiektua da", esan du Intxaurrandietak. Argudiatu du Jaurlaritzak proiektuari emandako baimenean jasotako baldintzak ez dituela proiektu moldatuak betetzen: "Baimendu zen proiektua ez zen gero lanak egiteko eman zena". Planta "legez kanpokoa eta zilegitasunik gabea" zela erantsi du.
Halaber, Intxaurrandietak uste du "kezkagarria" dela Jaurlaritzak ez kontrolatu izana gobernuak berak eskatutako ingurumen baldintzak bete ote diren.