Zubietan espetxea egiteko lanak esleitzeko lehiaketa hasi dute

Enpresek bi urte izango dituzte lanak egiteko, eta espetxea bi urte barrurako eraikia izatea espero dute

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Donostiako Udalak ura eta argindarra jarriko dituela bermatu ostean, Espainiako Gobernuak hasi du Zubietan espetxea eraikitzeko obrak adjudikatzeko lehiaketa publikoa. Lanek 76 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta hurrengo urtean hastea aurreikusten du Espainiako Espetxe Erakundeak. Kartzela berria 2014an zabaltzea espero du.

Udalak argindar eta ur zerbitzuak emango dituela ziurtatu behar zuen, Espainiako Gobernuak lanak adjudikatzeko lehiaketa abiatu aurretik, eta aurreko astean jaso zuen oniritzia. Hala, herenegun jakinarazi zuen lehiaketa abian zela. Espetxeak 71.605 metro koadro izango ditu, eta 500 ziega inguru.

Proposamenak aurkezteko aukera izango dute orain enpresek. Lehiaketan jasotzen denez, bi urte izango dituzte lanak amaitzeko, eta, gehienez ere, 75.904.391 euro gastatu ahal izango dituzte.

Salhaketak eta beste talde batzuek hainbat aldiz salatu dituzte halako proiektuak. Haien arabera,ez dute betetzen presoak gizarteratzeko helburua.

Orain aste batzuk, Zaballako (Iruña Oka, Araba) kartzela inaguratu zuten. Iruñeko espetxe berriko lanak ere ia amaituta dauzkate, eta hurrengo hilabeteetan inauguratuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.