Atxiloketak

Zubimendi, Arbulu eta Berostegieta kartzelara eramatea erabaki du epaileak

Frantziako Poliziak Araitz Zubimendi Sozialista Abertzaleak taldeko legebiltzarkide ohia, Ibon Arbulu Batasunako mahaikide ohia eta Unai Berostegieta atxilotu ditu gaur goizaldean. Arratsaldean, hirurak kartzelara bidaltzea erabaki du epaileak. Zubimendi Baionan atxilotu dute, Arbulu Uztaritzen eta Berostegieta Donibane Lohitzunen. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek hiru horien kontra emandako euroaginduak tarteko egin dituzte atxiloketak.

2005eko urtarrilaren 28a
20:10
Entzun
Frantziako Poliziak Araitz Zubimendi, Ibon Arbulu eta Unai Berostegieta atxilotu ditu gaur goizean, hurrenez hurren Baionan, Uztaritzen eta Donibane Lohitzunen. Atxilotzerakoan hiruren etxeak miatu dituzte. Arratsaldean Zubimendi, Arbulu eta Berostegieta espetxera bidaltzea erabaki du epaileak. Zubimendi Pauen (Frantzia) espetxeratu dute, eta beste biak Seyssesen (Frantzia). Espainiako berri agentzien arabera, ez da atxiloketa gehiago egotearen aukera baztertzen.

Askatasunak eta Espainiako berri agentziek jakitera eman dutenez, Zubimendi, Arbulu eta Berostegieta Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek emandako euroaginduak tarteko atxilotu dituzte. Espainiako berri agentzien arabera, lehen aldia da "terrorismo" kasuengatik atxiloketarako Euroagindua betetzen dela.

Zubimendi atxilotzeko agindua 2004ko apirilean eman zuen Garzonek 'Haika-Segi' auzigatik.

Argazkiak eta izenak

Askatasunak gogor salatu ditu atxiloketak, eta ez du baztertzen hurrengo orduetan atxiloketa gehiago izatea. Askatasunak adierazi duenez, Frantziako Poliziak izen-abizenen zerrenda luzea eta argazki sorta zabala zituela egin dituzte atxiloketak.

Askatasunak "18/98, Euskal Herriaren aurkako sumarioaren baitan" kokatu ditu atxiloketak. "Hiru atxiloketa berri hauekin Estatu frantsesaren jarrera eta Frantziak eta Espainiak egin duten gatazkaren irtenbide militar errepresiboaren aldeko apostua salatu" dute.

Atxiloketak salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte Askatasunak deituta. 18:30ean Bainako Leongo biribilgunean, eta 19:00etan Uztaritzen eta Donibane Lohizunen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.