Nafarroako Auzitegiko 1. Sekzioak onartu egin du Aingeru Zudairek jarritako helegitea, eta atzera bota du Iruñeko instrukzio auzitegiko 1. sekzioak kasua artxibatzeko hartutako erabakia. 2012an, begi bateko ikusmena galdu zuen Zudairek, Espainiako Poliziak jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz. Hain zuzen, Esther Erice epaileak frogatutzat jo du, atzo argitara emandako autoan, gomazko pilota batek eragin zizkiola Zudaireri zauri horiek. Eta ebatzi du delitu izan daitekeela hori, «zaurien larritasunagatik». Agindu du, gainera, diligentziei segida eman eta beharrezko proba guztiak egitea, «zaurien egilea identifikatzeko helburuz». Hala, jatorrizko auzitegira itzuli du auzia.
Izan ere, epaileak esan du ezin dela baztertu halako armak ordena publikoko gatazketan erabiltzeko protokoloak zehazten duen baino gertuagotik bota izana gomazko pilota. Zudairek diligentzietan azaldu zuen nondik egin zioten tiro, baina esan zuen ez zela gai gomazko pilota jaurti zuen polizia identifikatzeko. Horrek, epailearen esanetan, ez dio sinesgarritasunik kentzen Zudaireren bertsioari, eta ez du esan nahi pilota jaurti zuen polizia identifikatzeko beste modurik ez dagoenik. «Gertaerak noiz eta non izan ziren jakinda, Espainiako Poliziak ikerketa erraztu dezake».
Ojo Justizia plataformakoek Zudairerentzat justizia eskatzeko eta bestelako polizia eredu baten alde egiteko protesta deitu dute Atarrabian. Hainbat eragilek egin dute bat deialdiarekin: besteak beste, LABek, ELAk eta ESK-k, Ernaik, EH Bilduk eta EHEk.