Begirale bat kaleratu zuten uztailaren 16an Zuhatzako udalekuetatik Arabako Foru Aldundiaren aginduz, euskararen erabilera sustatzeko jokabide bategatik. LABek kaleratutako oharrean adierazi du, "euskararen erabilera sustatzea helburu duten Udalekuetan euskararen erabilera sustatzeko jarrera zigortzea, euskararen kontrako eraso zuzena" dela.
Era berean, adierazi dute, "PPk bere hauteslegoa gatibu mantentzeko kaleratu duen hamaikagarren gezurra" dela Zuhatzan gertatutakoa, baina Aldundiak sortu duen "iskanbilaren" nondik norakoak sakon baloratzera sartu gabe, langile bat kaleratua izan dela azpimarratu nahi izan dute. "Berez prekarioa den esparru batean langile gazte bati lan egiteko aukerak murriztu zaizkiola" salatu dute, izan ere, Arabako Ahaldun Nagusiak esan du udalekuetan lan egitea galeraziko diotela.
Horrez gain, gogor salatu du sindikatuak "pribatizatutako zerbitzuetan, langileekiko ardurak hartzeari uko" egiten diola, baina langile honen kaleratzea inposatuz "lotura eta arduraren bat izan baduela" erakutsi duela kasu honetan. Amaitzeko, deitoratu du "zerbitzu publiko bat publiko ez diren interesen menpe" jarri izana.