Ez dugu dena gaizki egiten, ezta ongi ere. Errealitatetik kanpo bizi izan gara denbora askoan, eta behin ibilbide hori utzi eta kalera itzultzea...". Itzultzeko, baina, sendatu egin behar da lehenik. Ondo daki hori Iñakik —ez da benetako izena—. Bere bizipenak kontatu dizkio Hitza-ri. Gazterik hasi zen kokainarekin "jolasean"; 22 urte zituen. Kartzelatik irten berri zela probatu zuen lehen aldiz. Aurretik, alkohola eta tabakoa kontsumitzen zituen, asteburuetan. Parrandan ekin zion kokaina kontsumitzeari ere. Apurka, kateatu egin zen. Lanik gabe geratu zen gero. Egunero kokaina kontsumitzen hasi zen, eta diru sarrerarik ezean, saltzen. Bizimodu irreal bati ekin zion orduan, Gizakia Helburu elkartean laguntza eskatu zuen arte. Hain zuzen, elkarteak aurten 30 urte bete ditu drogetatik irten nahi dutenei laguntza ematen.
Elkartea sortu aurretik, 1983an, heroinaren kontsumoa Gipuzkoan eragiten ari zen arazoek kezkatuta, Iñaki Aldabalde apaiza harremanetan jarri zen Jose Maria Setien orduko gotzainarekin. Bazekiten halako kasuak tratatzeko proiektu bat zegoela martxan Erroman, Italiako Elkartasun Zentroak abiarazita. Hara joan ziren Aldabalde eta Setien, beste hainbat boluntariorekin batera. Gerora, boluntario horiek terapeuta izan dira Gizakia Helburun. Horrela abiarazi zuten 1985ean elkartea, IZAN fundazioaren barnean.
Iñakik ez zituen heroinaren garaiak bizi izan, baina bai kokaina, speed eta alkoholarenak. Leporaino sartu zen: "Gezur bat beste batekin estaltzen nuen. Karga handiegia bihurtu zitzaidan". Hondoa jo zuen, bere buruaz beste egin nahi izateraino. Trenbidera salto egitera zihoala ezagun batekin egin zuen topo, eta laguntza eskatu zion. Etxekoei kontatu zien jarraian: "Familiak asko lagundu nau. Izeba bat boluntario aritua zen Gizakia Helburun, eta aitak Mikel izeneko apaiz bat ezagutzen zuen, proiektuarekin lan asko egina. Haren bidez sartu nintzen". Mikelekin hitz egin ostean, egoera aztertzeko bilera bat egin zuten orduan, Donostian, eta Hernaniko zentroan hastea deliberatu zuten.
Familiaren laguntza izatea "garrantzitsua" dela uste du; "dena" dio eskertzeko familiari, baina argi dauka norberak jarri behar duela gogoa. Iñakik pentsamendu batean laburbiltzen du orduko egoera: "Zerbait egiten dut hau aldatzeko, edo nireak egin du". Gauzak hain argi izateak bidea erraztu zion; bazekien bere bizia proiektuan emandako pausoek baldintzatuko zutela: "Asko kartzela saihesteagatik joaten dira; beste batzuk, familiak eramanda. Haiek ez dute sendatzeko determinaziorik, eta horrek bidea zailtzen die".
Gaixo bakoitzak bere zuloa du, eta handik ateratzeko bere momentua. Uneari garrantzi handia ematen dio Iñakik; badaki bakoitzaren egoera ezberdina dela, eta agian guztiak ez direla heldu bere buruaz beste egitera pentsatzeraino. Sendatze prozesuan zegoenean, ikusten zuen gauzak ondo egiten ari zela, baina beste asko ez zituen antzera sumatzen: "Nire jarrera besteenarekin alderatzen nuen, eta ingurukoei esaten nien halakok errehabilitatzea lortuko zuela, eta halakok ez". Saihetsezina gertatzen bazitzaion ere, jarrera horiek alboratu egin behar direla uste du, bakoitzaren momentuak ezberdinak baitira.
Beste hainbeste gertatzen da substantziekin ere. Guztiek antzekotasunak izan arren, alkoholismoak jotako pertsonen sendatze prozesua zailagoa dela uste du: "Gure kulturan oso errotua dago alkohola, eta leku guztietan dagoenez, zaila da ihes egitea". Onarpen maila horrek laguntza beranduago eskatzea ekartzen du, kontzientziarik ezagatik. Gizakia Helburun alkoholismoagatik tratatzen diren asko adinean aurrera egindakoak dira, eta arrasto fisikoak izaten dituzte: "Gibela izorratuta edukitzen dute, eta aurpegian ere antzematen zaie". Garai batean heroinarekin ibilitakoen traza hartzen die Iñakik. Alkoholaren kasuan, baina, burua ere ukituta etortzen direla ikusi du; "heroinarekin hori ez zen gertatzen".
Ezein droga izanda ere, behin sendatuta, gizarteratzeko pausoa eman behar dute denek, eta ez da erraza. Batzuek saio bat baino gehiago egin behar izaten dituzte erabat errehabilitatu aurretik. Ez da Iñakiren kasua; berak lehenengotik lortu zuen. Harro dago lortu izanaz, eta aitortzen du horrek kalera itzultzen lagundu diola: "Bi beldur izaten dira, oro har: droga arteko bizimoduan jarraitzen duten haiekin topo egitea, eta egunerokotasunari, kaleari diozuna". Izan ere, aurrez burbuila batean bizi dira denbora luzez.
Bizitzari irribarre
Egunerokora itzultzeko bost programa ditu Gizakia Helburuk. Tradizionala da ezagunena, eta familia nahiz gizarte harremanak hautsita dauzkaten gaixoak tratatzen dira han; tartean, presoak daude. Gero, beste laurak Hernanin kokatzen dira: Itxaro programa, alkoholismoa tratatzeko; irekia, lana mantentzen dutenentzat; Eraiki, gaixotasun mentalak dituztenentzat, eta intentsiboa.
Han ibilita lortu du Iñakik droga kontsumoari aurre egin eta bizimodu berri bati ekitea. Pozik bizi da orain. Bigarren aldiz graduatu da, eta gazteekin ari da lanean. Orain bikotekidea du, eta etxe berrira sartzekotan dira: "Duela bospasei urte kontatu izan balidate, ez nukeen sinetsiko". Bidea ez da erraza izan, baina 22 urterekin zulora sartu zenetik, eguzkia ikusteko parada izan du 38 bete berritan.