Zazpi hilabete eta erdiz preso izan ondoren, kartzelatik ateratzeko aukera eman die Espainiako Auzitegi Nazionalak Arantza Zulueta, Iker Sarriegi eta Jon Enparantza abokatuei. Epaileek ez dizkiete kendu apirilaren 14an atxilotu zituztenean egindako akusazioak, baina ihes egiteko arriskua nabarmen murriztu dela eta «inguru sozial eta familiartekoan errotuta» daudela argudiatu, eta baldintzapean aske geratzeko aukera eman die. 60.000 euroko bermea ordaindu beharko du bakoitzak kartzelatik ateratzeko. Horrez gain, zein bizileku izango duten zehaztu beharko dute, astero epaitegian aurkeztu beharko dute, Espainiako mugetatik ezingo dute atera eta pasaportea epaitegiaren esku utzi beharko dute.
Zuluetaren senide eta lagunek atzo goizean lortu zuten auzitegiak eskatutako dirua biltzea, eta, ondorioz, atzo iluntzean atera zen Malagako kartzelatik. Hala ere, gaur hartuko du Euskal Herrirako bidea, kartzelatik atera aurretik espetxeko zuzendariari hitzordua eskatu baitzion beste preso baten egoerari buruz hitz egiteko. Gaur, etxera itzuli aurretik, harekin biltzeko esperantza du.
Hain zuzen, Inma Patxo Bilboko presoa Zulueta egon den egoera berean egon ez dadin saiatuko da abokatua. Muturreko egoeran izan dute Zulueta Malagako kartzelan. Espetxezainak besterik ikusten ez zituela, ziega txiki batetan, arropa eta liburu kopurua ere mugatuta zeuzkala. Horren aurka, gose greba egitea erabaki zuen, eta larunbatean utzi zuen protesta, espetxeko zuzendariak bere egoera aldatuko zela agindu zionean.Aste honetan bertan, Algecirasen zuten Patxo presoa eraman dute Malagara, eta, orain, Patxo da kartzela horretan geratu den euskal preso bakarra. Zuluetak horregatik konpondu nahi du gaur Patxoren egoera.
Sarriegi eta Enparantzaren hurkoek gaur espero dute ezarritako bermea ordaintzeko tramiteak egiten amaitzea, eta, ezustekorik ezean, gaur utziko dute atzean kartzela. Caceresko Puerto III espetxean dute Sarriegi, eta Granadakoan Enparantza.
Akusazio gogorrak eginda atxilotu zituzten euskal presoen defentsan aritzen diren hiru abokatuak apirilean, beste zazpi euskal herritarrekin. Besteak beste, ETAren mezulari izatea egotzita atzeman zituen Guardia Zibilak, Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz.
Edozein kasutan, irregulartasun handiz jositako auzia izan da hasieratik, eta abokatuen lankideek behin eta berriz salatu dute operazioa gezurren gainean eraikia eta legez kanpokoa izan dela; «euskal preso politikoen defentsa eragotzi» eta horiek duten egoeraren «lekuko deserosoak» ezabatzea zela helburua eta, horretarako, akusazioak eta gezurrezko frogak eraiki zituztela.
Atxilotutako hamar lagunak inkomunikatuta eduki zituzten guardia zibilek apirilean, eta hiru abokatuek eta Erramun Landa margolariak ez beste guztiek torturak jasan izana salatu zuten. Abokatuen ustez, atxilotutako abokatuen aurkako deklarazioak jaso nahian torturatu zituzten.
Gainera, operazioa egin eta egun gutxira, hiru abokatuei «tratu bikaina» emateko agintzen zuen Guardia Zibilaren barne txosten baten berri izan zen. «Zein tratu eman behar zitzaien orduan gainontzekoei?», galdetu zuten abokatuek.
Zuriarrain eta Agirre, preso
Operazio hartan atxilotutako hamar lagunetik bost aske utzi, eta preso sartu zituzten hiru abokatuak eta abokatuen bulegoan idazkari lanetan aritzen zen Naia Zuriarrain eta Etxerat elkarteko bozeramaile lanetan aritu izan den Saioa Agirre. Preso jarraitzen dute biek, Granadan eta Valentzian.
Abokatuen kartzelatzeak «apetazkoak» izan zirela iritzita, hilotan Euskal Herriko zein atzerriko abokatu eta jurista askok eskatu dute formalki hiru abokatuak askatzeko. Aurreko astean bertan, 26 herrialdetako abokatuak biltzen dituen Europako ELDH elkarteak eskatu zuen Zulueta, Enparantza eta Sarriegi askatzeko.
Zulueta, Sarriegi eta Enparantza abokatuak aske, bermepean
Zazpi hilabetez preso izan ostean ihes egiteko arriskua murriztu dela esan, eta epaileak 60na mila euroko bermea jarri die. Zulueta kalean da, baina etxeratu aurretik kartzelako buruarekin biltzen saiatuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu