Zumaiako (Gipuzkoa) EAJko, ezker abertzaleko, EAko eta Aralarreko udal taldeek Aberri Eguneko dei bateratua egin dute, eta herritarrei eskatu diete parte hartzeko. Euskal eragile politikoei, sozialei eta sindikalei, berriz, "Euskal Herri osoari begira" jokatzeko galdegin diete, "alderdikeriak baztertuta". Igandean izango da Aberri Eguna.
"Euskal gizartearen aniztasuna aitortuz eta giza eskubide guztien defentsa sutsua eginez", euskal herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute Zumaiako alderdi abertzaleek. Euskal gatazka "era demokratikoan" gainditzeko pausoak eman behar direla deritzote.
Euskal Herriaren eraikuntzan Udalbiltzak daukan garrantzia azpimarratu dute. "Udalbiltza Euskal Herriko udalerri eta udal hautetsiek osatutako nazio erakundeak aurten beteko ditu hamar urte. Agerian utzi du egitura politiko eta administratibo zatikatzaileen gainetik badagoela edozein euskal lurraldeetan berezkoa den erakunde bat, herrigintzan tradizio handiko, politikoki eragilea eta sarean lana eginez mugak gainditzeko gai dena".
Lehengo astean Azkoitiko (Gipuzkoa) EAJk eta ezker abertzaleak egin zuten Aberri Eguneko dei bateratua.
Politika
Zumaiako alderdi abertzaleek Aberri Eguneko dei bateratua egin dute
EAJk, ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek eragile politikoei, sozialei eta sindikalei "Euskal Herri osoari begira" jokatzeko eskatu diete, "alderdikeriak baztertuta".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu