Joan den hilean eta hil honetan bi gizonezkok Zumaiako zenbait neskatori eraso egin dietela salatu dute adingabeen gurasoek. Baleike Zumaiako aldizkariak argitaratu duenez, Ertzaintza etxean salatu dituzte sexu abusuak.
Joan den astean jazo zen azken erasoa; 80 urtetik gorako gizonezko batek 12-13 urte arteko hiru neskari besotik heldu zien, eta ukituak egiten hasi. Bularraldean eta gorputz osoan egin zizkien ukituak, guraso batzuen arabera.
Ekainean, berriz, beste guraso talde batek polizia etxean salatu zuenez, beste gizonezko batek 10-13 urte arteko zortzi neskari egin zizkien ukituak. Ertzaintzaren aurrean eginiko salaketaren ondotik, neskatoek Azpeitiko epaitegian deklaratu zuten. Orain, epaiketa egiteko zain daudela diote gurasoek.
Erasoak salatzeko, elkarretaratzera deitu dute biharko Zumaiako Berdintasun Foroak, Talde Feministak eta eraso egin dieten neska adingabeen gurasoek. 20:00etan izango da.