AHTko zundaketa lanetan dabiltzala, atzo Uztaritzeko (Lapurdi) lur batean zeukaten normalki ordua lan horretan diharduten Fondasol enpresako teknikariek. Herriko etxearen lurrak dira horiek, baina herriko etxeko ordezkaririk ez zegoen lekuan berean. Eta Fondasolekoak ere ez ziren agertu. Baina bazen jendea, halere. 70 bat pertsona ziren, baita bi traktore ere, zundaketak blokatzeko prest, CADE kolektiboak deiturik. Bi jendarme ere joan ziren, baina ez zuten deus berezirik egin.
Victor Pachon CADEko lehendakariak dituen informazioen arabera, AHTaren proiektua dakartenek konfrontazioa saihesteko manua daukate. Herenegun RFFkoek beren artean bilkura bat izan zuten, eta erran omen zuten ez zutela horrelako erreakziorik espero herritarren partetik.
Normalki, urtarrilaren 15a aitzin 80 bat lurretan egitekoak zituzten zundaketak, baina mementoko, iduriz, bakar batek onartuak ditu bere lurretan zundaketak, CADEkoak abisatu gabe, betiere Pachonen hitzetan.
Zundaketak egiteko beste ordu bat daukate Azkainen (Lapurdi) astelehen eguerdian, eta hor ere elkartzekoak dira AHTaren aurkakoak. CADEk argi du luze joko duela aferak, eta, beraz, «mobilizazio diesel» batean daude, zehaztu duenez Pachonek. Proiektua daramatenen partetik jarrera aldaketak izan daitezkeela argi baitu Pachonek: «Orduan indartsu izan beharko dugu ihardukitzeko, eta, anartean, iraun behar».
Zundaketak egin behar zituzten teknikariak ez dira agertu Uztaritzen
Lanak oztopatzeko 70 bat pertsona bildu dira, CADEk deiturik; etzi, Azkainen dute hitzordua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu