Bi euskal herritar Frantziako espetxeetatik atera ziren atzo, baina behin-behinean eta kontrolerako hainbat baldintza jarrita, Espainiako Auzitegi Nazionalak egindako euroagindu eskaerei buruzko erabakiak hartu bitartean: Eider Zuriarrain eta Patxi Segurola.
Bere aurka dagoen euroagindua aztertu arte, Zuriarrain kontrol judizialpean baina aske uztea erabaki zuen atzo arratsaldean Paueko Dei Auzitegiak. Arratsaldean hartu zuen erabakia, eta euroaginduaren azterketa heldu den asteartean eginen du, goizeko 10:00etan.
Atzo goizean zuten euroagindua aztertzekoa, haatik. Baina, azkenean, ez zuten aztertu, Espainiaren agindua ez baitzen iritsia. Atzo arte, Seyssesen (Tolosa, Okzitania) preso atxiki zuten. Joan den otsailaren 10ean zuten atxilotu Bilboko Deustu auzoko gaztea Urruña eta Baionan artean, lanera zihoala. Schengen fitxa baten bidez egin zuten operazioa. Atxiloketa lekutik, lehenik Baionako polizia etxera eta ondoren Paueko epaitegira eraman zuten, eta arratsaldean Seyssesko presondegira.
Ibai Beobide Deustuko gazteari ihes egiten laguntzea eta Euri Albizu gordetzea egozten dio Auzitegi Nazionalak Zuriarraini. Egun preso dauden bi gazte horiek ETAko kide direla dio, eta, beraz, horiei laguntza emanda, ETA laguntzea leporatzen dio.
Beobide atxilotu zutenean Polizia haren bila zebilela zabaldu zen, eta orduan egin zuen ihes deustuarrak, polizien arabera. Gerora, baina, bizitza normalizatua egin du Baionan. «Zuriarrainek bizi erabat publikoa izan du, eta Baionako ikastolan aritzen da lanean», azpimarratu zuen lanera bidean zela atxilotu zutenean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, bidali prentsa oharrean.
Patxi Segurola, kalean
Bestetik, Versallesko Auzitegiak atzera bota du, bigarrenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak Patxi Segurolaren aurka egindako estradizio eskaera, eta atzo zen espetxetik ateratzekoa. Behin-behinekoa da kaleratzea, Espainiako Auzitegiko Fiskaltzak lehen eskaeraren ukazioari helegitea jarri baitzion. Helegite horri erantzun arte Frantzian jarraitu beharko du Segurolak. Litekeena da epaitegiak berak bizileku zehatz bat ezartzea edo Segurolari bizilekua zehazteko aukera ematea. Hori argitu bitartean, atxikitze zentro batean izango dute Usurbilgo herritarra.
Segurolak azaroan bete zuen Frantziako auzitegiak ezarritako zigorra, baina Espainako Auzitegi Nazionalak bi estradizio eskaera egin zituen haren aurka. Horri buruzko erabakia hartu gabe zegoelako mantendu dute preso.
Zuriarrain eta Segurola askatu dituzte, euroagindu eskaerei buruz erabaki arte
Azken erabakiak hartu bitartean espetxetik kanpo egon ahalko dira, baina kontrolerako hainbat neurrirekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu