Donostiako Kursaaleko Urumea terrazan Zurriola Kultura Irekia egiten ari dira aste osoan, 12:00etatik 02:00etara. Hamabi postu jarri dituzte, munduko kultura ezberdinetako janari eta edariekin: krepe denda bretainiarra, taberna galiziarra, taberna brasildarra, janari thailandiarra, taberna turkiarra eta beste hainbeste.
Eguerdian eta gauean, gainera, musika emanaldiak izaten dira. Gaur, 13:30ean Tristan Crowleyk eman du kontzertua. Folk irlandarra egiten du artistak, eta 21:00etan berriro igoko da taula gainera. Bihar, berriz, Mary May abeslariak folk kontzertua emango du 13:30ean, eta Xabi San Sebastian Bandek pop musika eskainiko du 20:00etan.
Azken txanpan
Bihar bukatuko dira festak, baina hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko zein biharko. Hiriaren hainbat gunetan denen gustuko ekintzak antolatu dituzte.
Piratek, adibidez, Kuadrillen herri bazkaria egin dute eguerdian, bakoitzak bere janaria eramanda. Jandakoa arintzeko, kantu eta dantza festa egingo dute 15:30etik aurrera, eta mozorro onena eta bandera originalena sarituko dituzte. Jolaserako gogoz, jolas sorpresa egingo dute, 17:00etan, eta ondoren, kuadrillen jaitsiera egingo dute, Flamenkatik abiatuta. Egunero bezala, afari girotua egingo dute Trinitate plazan, eta, gauero bezala, musikak hartuko du Donostiako portua: Itziarren Semeak eta Gora Herria arituko dira Flamenkan, eta Desparrameren ikuskizuna izango da Nautikoko DJ gunean.
Horrez gain, egun osoko hiru azoka daude Donostian: Euskal Herriko nekazaritza produktuen II. azoka berezia egin dute Loiola kalean, eskulangintza azoka Vinuesa plazan eta Kursaal inguruan nazioarteko hainbat herrialdetako musika, eskulangintza eta haurrentzako tailerrak antolatu dituzte, besteak beste.
Kirol jarduerek eta haurrentzako jolasek euren lekua dute Donostiako Aste Nagusian. 10:00etan hasi da, adibidez, hondartzako boleibol herri txapelketa, Zurriola hondartzan. Aste Nagusiko XIX. arrantza lehiaketa ere abian da Urumea ibaian.
Hainbat bertso saio egin dituzte orain artean festetan, eta gaur ere beste bat egin dute, Easo plazan. Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Amaia Agirre eta Manex Mujika aritu dira bertsotan, Gorka Tolosa gai-jartzailearen agindutara. Katalunia plaza, berriz, sagardozaleen txokoa da gauerdira bitartean. Arratsaldean, berriz, Trebeska dantza taldea igoko da Konstituzio plazako taula gainera, 19:30ean.
Su Festen 50. Nazioarteko Lehiaketan, berriz, Australiako Foti International Fireworks etxeak jaurtiko ditu suak. Horren ostean, ohi bezala, musikak hartuko du Donostia. Kursaalean, Alex del Toro DJa arituko da; Konstituzio plazan, Ai Ene erromeria, eta Saguesen, Fermin Muguruzak emango du kontzertua.