Lan mundua euskalduntzeko Emun kooperatibak immigrazio zerbitzuak ematen hastea erabaki du, eta gai horri buruzko zenbait gai jorratu ditu Gasteizko Goiuri jauregian egindako jardunaldietan, kanpoko immigrazioaren komunikazioa barne. Zurrumurruak, topikoak... Atzerriko immigrazioaren kudeaketa zailtzen dute gizartearen pertzepzio horiek. Katalunian gatazka gehien sortzen dutenak direla azaldu du Xavier Casademontek, Kataluniako Garrotxa eskualdeko immigrazio eta hiritartasun arloko arduradunak. «Distortsio elementu» horiez guztiez gogoeta egin du jardunaldietan.
Zeini dagokio atzerriko immigrazioaren informazio hori kudeatzea?
Eragile ezberdinekin lan egitea litzateke ideia nagusia, estereotipoak edonork heda baititzake: bizilagun batetik etorkin batera arte, hedabideak eta administrazioa bera barne. Arreta zerbitzu batzuek ez dituzte erantzun egokiak ematen, administrazio horrek berak lantzen dituen gaiei buruz badira ere.
Lekuak ba al du eraginik herritarren pertzepzio horietan? Katalunian eta Euskal Herrian egoera ezberdinak izaten al dira?
Nire ustez, topiko gehienak toki guztietan ematen dira. Dena den, lekuaren arabera eragin gehiago izan dezakete. Eragin gutxiago izan dezakete informazio eta sentsibilizazio lana egin den leku batean, edo, gutxienez, informazioa egiaztatzeko modua eskaini denean. Zurrumurruak irrazionalak dira, eta zaila izaten da era arrazionalean gelditzea.
Jendeak ba al du borondaterik informazioa bilatzeko?
Oro har, jendeak ez daki nora jo dezakeen informazioa lortzeko. Denetarik dago, baina azalpenak entzuten dituenean beste alde bat badagoela ikusten du jendeak. Agian ez du iritzia aldatuko, baina entzun nahi dutenek ondo jasotzen dute beste aldea.
Krisiaren aitzakiarekin gizarte zerbitzuetan mozketak egin dituzte administrazioek, eta kasu batzuetan badirudi etorkin atzerritarretan pentsatuta hartu direla: erroldan denbora gehiago emateko beharra... Instituzioek estereotipo horiek zabaltzen laguntzen al dute?
Tentu handiz jokatu behar da kasu horietan. Mezuaren arabera jokabide diskriminatzaileak indartu ditzake administrazioak; aldi berean, programa horien kudeaketa arduratsua egin behar da. Berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren alde lan egiten dugu, eta ezin da onartu laguntza baten erabilera txarra.
Jokabide zuzenen eskuliburuan zein litzateke puntu garrantzitsuena?
Administrazio eta alderdi politikoek diskurtso bat izan behar dute immigrazioari buruz, arrazoibide argia, errealista, ez alde ez aurka egiten duena. Bestela zaila da ezer egitea. Administraziotik gauza asko egin daitezke, baina jakina da administrazioak soilik ezin dituela gai horiek guztiak bakarrik landu.
Zer ildo landu beharko lirateke?
Sentsibilizazioa gizarte mailan, baita eskola barruan ere, ikasle eta irakasleekin. Hizkuntza bera garrantzitsua da, eta hedabideekin lan egin daiteke tresnak eskainiz. Etorkinen elkarteekin ere lan egin daiteke, zenbaitetan haiek zabaltzen baitituzte estereotipoak... Informazioa, sentsibilizazioa, prestaketa eta estereotipoei aurre egiteko tresnak eman behar dira.
Ikuspegi Immigrazioaren EAEko Behatokiak azken barometroan esaten zuen EAEn jaiotakoek pentsatzen dutela integrazioa etorkinen ardura dela, batez ere.
Ikuspuntu okerra da. Jakina da integrazioa bi norabidetan gertatu behar duen prozesu bat dela; gidaliburuetan eta egunerokotasunean ere ikusten da. Toki batera heltzen den pertsona batek inguru berriaz jabetu behar du, baina inguruneak gutxieneko baliabideak eskaini behar dizkio. Futbol talde batera doan jokalari atzerritar bat adibide garbia da; taldean tokia izateko ahalegina egin behar du, baina ez badiote baloia ematen, ez du inoiz lortuko.
Xavier Casademont. Hiritartasunean eta immigrazioan aditua
«Zurrumurruak irrazionalak dira, eta modu arrazionalean aurre egitea zaila izaten da»
Immigrazioaren pertzepzioa kudeatzean administrazioaren garrantzia aitortu arren, Casademontek uste du guztion elkarlana behar dela ahaleginak porrot egin ez dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu