Zuzenbideko Profesionalen Plataformak adierazpen bat kaleratu zuen Altsasuko auziaren neurrigabekeria salatzeko, eta laukoak eskaera bat egin du parlamentuan, "berehala" joan daitezen.
Lau alderdiek gogorarazi dute orain arte egindako mobilizazioetan auzi horretan justizia egitea eta neurriz jokatzea aldarrikatu dutela. "Gazte horiei eta euren senideei pasarazi nahi dieten egoera hau guztia logikaz kanpo dago. Beste tokietan oso modu desberdinean epaitzen dira".
Gaur, elkarretaratzea parlamentuan
Eguerdian, Altsasuko Gurasoak plataformak deituta, elkarretaratzea egin dute parlamentu aurrean. Edurne Goikoetxeak, Ainara Urkijoren amak, salatu du iragan asteko epaiarekin euren seme-alabei homizidioaren pareko zigorrak ezarri dizkietela.
Gainera, astearteko atxiloketekin Guardia Zibilak "mina" egin eta Altsasuren irudi txar bat eman nahi izan duela. Fiskalak ihes egiteko arriskua aipatu zuen, eta Goikoetxeak Iñaki Abaden jarrerarekin kontrastatu zuen: astelehenean hasi zen berriro lanean, eta asteartean, guardia zibilak etorri zirenean, bere burua entregatu zuen.
Azken egunetan, auzia salatzeko deialdi ugari egiten ari dira, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo. Manifestazio nagusia ekainaren 16an egingo da, Iruñean, 17:00etan.