Azkenean Zapaterok berak ere aitortu du. Auzitegietako erabakiekzaildu egin dezakete bake prozesua. Joan den asteazkenean esan zuen: «Zuzenbide estatuaren funtzionamenduari lotutako zerbait gertatzen da aldiro, gauza bat edo bestea, bake prozesua markatu dezakeena, edo ez». Gauza horiek, Zapateroren hitzetan, «prozesua zaildu egin dezakete, edo ahalegin gehiago egitea eskatu».
Espainiako Auzitegi Nazionalak Iñaki de Juana presoari ezarritako espetxe zigorraren harira egin zituen adierazpenak Espainiako gobernuburuak, baina beste hamaika erabaki ere izan zitzakeenburuan, esan zuena esan zuenean, ETAk joan den martxoan su-etena eman zuenez geroztik egitura judizialek bake prozesua nabarmen trabatu duten hainbat eta hainbat erabaki hartu baitituzte.
Candido Conde Pumpido Estatuko fiskal nagusiak joan den urriaren 16an argi hitz egin zuen Espainiako Senatuko agerraldian: «Justizia ez dago prozesu politikoak errazteko, baina ezta oztopatzeko ere». Irizpide hori oinarrian, zenbait auzitan jarrera aldaketa sumatu zaio fiskaltzari su-etenaz geroztik-Batasuna auzian espetxeratzerik eskatu ez, hainbat manifestazio baimentzea proposatu, Batasunarekiko bileren aurkako kereilak ez onartzea eskatu...-, baina beste batzuetan prozesua errazten ez duten erabakiak hartu izan ditu -azkenekoa, De Juanaren espetxe zigor eskaera-.
Fiskaltzaren jarrerak asko baldintzatzen ditu epaileen erabakiak, baina akusazio partikularren eskaeren eraginez, fiskaltzak eskatu baino gogorrago ere joka dezakete epaileak. Eta jokatzen ari dira, kasu batzuetan.
Hiru auzitegiren mende daude, funtsean, euskal gatazkaren konponbidea zaildu -edo erraztu- dezaketen auziak: Auzitegi Nazionaleko epaileen esku daude auzi gehienak, besteak beste Batasunaren aurkako auzi penala eta euskal presoei dagozkien auzi guztiak;EAEko Auzitegi Nagusiaren esku daude Eusko Jaurlaritzako eta Eusko Legebiltzarreko kideak tartean diren auziak; Auzitegi Goreneko sala bereziak du Batasunaren legez kanporatzearen ardura, eta Goreneko zigor salara heltzen dira Auzitegi Nazionaleko nahiz Auzitegi Nagusiko epaien kasazio helegite guztiak.
Espainiako Auzitegi Nazionala
De Juana. Oso aterabide zaileko auzia bihurtu da Iñaki de Juana presoarena, eta prozesua kinka larrian jartzeko bidean da. Epaia emana dago -12 urte eta zazpi hilabeteko espetxea, bi iritzi artikulurengatik-, Auzitegi Gorenak kasazio helegitea aztertzerako denbora joango da eta, bitartean, presoa gose greban. Fiskaltzaren jokabideak aldaketak izan ditu auzian -hasieran 96 urtekoa eskatu zuen-, baina zigor bidegabea jar zezan atea zabal-zabalik utzi zion epaimahaiari azkenean, 4 urteko edo 13 urteko zigor eskaerak egin zituenean.
De Juana era batera edo bestera engainatua sentitu dela adierazten du gose grebari berriro ekin izanak. Lehen baino askoz zailagoa ematen du, orain, presoak baraualdian atzera egiteak, bere egoera konpondu ezean behintzat. De Juanak baraualdia azkeneraino eramateko borondatea agertu duelarik, bukaerarik txarrena ere espero daiteke auzi honetan. Eta hilotz batek hilzorian utz dezake prozesua. Igor Angulo eta Roberto Sainz presoen heriotza salatzeko martxoaren 9an ezker abertzaleak deitutako greba eguneko mobilizazioen ondorioz, hain zuzen, espetxean bukatu zuten Arnaldo Otegik, Juan Jose Petrikorenak eta Juan Mari Olanok joan den martxoan, azkenean aldi laburrerako izan bazen ere.
Batasuna auzia'. Aldaketa nabarmena ekarri zion Batasunaren aurkako auzi penalari Baltasar Garzonen itzulerak, Fernando Grande Marlaskaren pare ez baitu behintzat jokatu, Batasunaren aurkako jazarpena eten ez badu ere.
Aurkia eta ifrentzua izan ditu Garzonen jardunak. Batetik, PSE-EEren eta Batasunaren arteko bilera legezkoa zela ebaztean atea zabaldu zien Batasunarekiko elkarrizketa ofizialei, gero EAEko Auzitegi Nagusiak beste bide batetik kriminalizatu dituen arren; eta ez du, su-etenaz geroztik, Batasuneko inor espetxeratzea agindu, Marlaskak ez bezala. Baina bestetik, auzian inputazio gehiago eransten jarraitu du, hala nola manifestazio deialdi bat zela eta Pernando Barrena, Anjel Mari Elkano, Haizpea Abrisketa, Asier Arraiz eta Mikel Zubimendi deitu zituenean deklaratzera joan den abuztuaren 10ean,edota Marije Fullaondo, Ainara Armendariz eta Maite Diaz de Heredia inputatu zituenean, joan den urriaren 30ean.
Grande-Marlaskak behin baino gehiagotan jarri zuen arriskuan prozesu osoa. ETAk su-etena iragarri zuen egunean, martxoaren 22an, pneumonia bategatik ez zegoen Otegi kartzelan. Handik astebetera sartu zuen Soto del Realen Marlaskak, eta hamar egunerautzi zuen, bermea ordainduta, Olanorekin eta Petrikorenarekin batera. Su-etena berriegia zen, inork arriskuan jartzeko, baina maiatzaren bukaeran Otegi eta Mahai Nazionaleko beste zazpi kide berriro deklaratzera deitu zituenean, alarma guztiak piztu ziren. Espetxeratuko ez zituzten bermerik gabe, ez zirela auzitegira agertuko ohartarazi zuten Batasunekoek. Ezkutuko negoziazioek eta tirabirek bideratu zuten arazoa, denak aske uzteko eskatu zuen fiskalak, eta fiskalari men egin zion orduan Grande-Marlaskak. Ingurunabar horretan iragarri zuen Patxi Lopezek Batasunarekin bilera egingo zuela.
Manifestazio eta ekitaldiei dagokienez, marra gorria argi non dagoen argi samar adierazi du Garzonek, oro har: manifestazioa «herritar abertzale eta ezkertiarrek» deitzen badute, aurrera. Atzo, Bilbon, esate baterako. Baina jarduna debekatua duen erakunderen batek zuzenean deitu izan duenean, debekatu egin izan du. Herenegun Donostian, esate baterako, Askatasunak deitu zuelako.Hala, irailaren 16an Askatasuneko ordezkariek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitutakoak ere galarazi egin zituen, baina azkenean egin egin ziren, baimen eta guzti, Etxerat-ek deituta. Grande-Marlaskarekin bestela zen. Atzoko manifestazioa nekez baimenduko zuen, ekain bukaera arte ibili zituen irizpideekin, behintzat. Prentsaurreko batera Polizia bidaltzera edota Otegi Bartzelonan ematekoa zen hitzaldia galaraztera heldu zen.
Batasunaren aurkako auziaren azken atal esanguratsuena ez dute bi epaile horiek idatzi, Zigor Arloko laugarren salak baizik: Batasuneko eta HBko 40 mahaikide eta mahaikide ohi epaiketarako bidean jarri ditu joan den urriaren azken astean, defentsaren helegitea arbuiatu eta denen auzipetzea berretsi duenean.
Iraultza zergaren' sarekada. Su-etenaren osteko barealdi gorabeheratsua astindu zuen beste gertakarietako bat iraultza zergarekin lotutako sarekada izan zen. Marlaskak hasi zuen lana, ekainaren 20an hamabi atxiloketa aginduta, eta Garzonek jarraitu egin zion uztailean, atxiloketa gehiagorekin, tartean Pablo Muñoz Noticias komunikazio taldeko zuzendaria. Espainiako Gobernuak atxilotuetako batzuei, aurrez, atxilotuko zituzten abisua eman ote zien argitaratu zen, eta Auzitegi Nazionalean ikerketa ere zabaldu zuten horregatik, ohartarazpena Poliziatik bertatik iritsi ote zitzaielakoan.
Beste auziak. Fiskal eta epaileak garai politiko berria aintzat hartuta ari direla pentsarazi dute hainbat auzitako erabakiek, baina ezer aldatu ez balitz bezala jarraitzen dutela, aldiz, beste hainbat kasutakoek. Deigarria izan zen, esate batera, joan den urrian hainbat kale erasorengatik epaitu zituzten Tolosaldeko zazpi gazteri bi urteko eta urtebeteko espetxe zigorrak jarri izana, fiskaltzaren hasierako eskaerak 16 eta 96 urte bitartekoak izanda. Antzeko beste kasu bakan batzuk ere gertatu dira, kale erasoekin lotuta, oihartzun txikiagoa izan duten arren.
Txanponaren beste aldea erakutsi dute, baina, beste hainbat gertakarik, hala nola Estanis Etxaburu eta Jon Enparantzaren atxiloketek edota Soziedad Alkoholika musika taldearen aurkako epaiketek berriki, 18/98 auziaren epaiketaren jarraipenak hilabete hauetan guztietan,edota Arnaldo Otegiren aurkako epaiketak eta zigorrak -hamabost hilabeteko espetxea eta zazpi urteko inhabilitazioa-, Argala-ren omenaldi batean parte hartzeagatik, fiskalak hala eskatuta gainera.
EAEko Auzitegi Nagusia
Batasuna, Ibarretxe eta Lopez. Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez Batasunarekin bilera bana egiteagatik auzibidean jarri izanak asko adierazten du EAEko Auzitegi Nagusiak joka dezakeen rolari buruz. Auzitegi Nazionalean Batasunaren jarduna kriminalizatzeko gehien egin duen epaile instruktoreak -Garzonek-Otegirekin-eta biltzea delitu ez dela ebatzi zuenean atea zabaldu zion, alderdien arteko elkarrizketa politikoak erabakigarriak diren garaiotan, Batasunarekin bilera ofizialak egiteari. Auzitegi Nagusiak Ibarretxeren, Lopezen eta Batasuneko solaskideen aurkako kereilak aintzat hartu izanak ez ditu eragileen arteko harremanak etengo, baina erraztu ez ditu erraztuko. Fiskaltzak bilerak erabat legezko zirela argudiatu zuen, baina alferrik.EAEko Auzitegian PSOEren eraginetik urrun dauden epaileak nagusi direla gogorarazi du kereila horiekin gertatuak.
Espainiako Auzitegi Gorena
Atutxa auzia'. Fiskaltzaren irizpidearen aurka jokatu dute Auzitegi Goreneko epaileek -EAEko Auzitegikoek Ibarretxe eta Lopez auzibidean jartzean bezala-, Juan Mari Atutxaren, Gorka Knörren eta Kontxi Bilbaoren errugabetzea baliogabetu eta epaia berriro idazteko agindu dutenean ere. Ez dituzte berriro epaituko, eta epaia lehenengo sala berak eman behar du, errugabetu zituen epaimahai berak alegia, baina Ibarretxe, Lopez eta Batasuneko solaskideak auzibidean jarri izanak eragindako giro politiko nahasia are gehiago nahastu du, eta epaile batzuek joko politikoan zer esan handia izan dezaketela ohartarazi.
Herriko tabernak'. Batasunaren legez kanporatzeak ondo indarrean jarraitzen duela erakutsi du, joan den urriaren azken astean, Auzitegi Goreneko Sala Bereziak Guardia Zibila eta Ertzaintza herriko tabernetara bidalita. Eta erabakiaren helburu formala ondasunen inbentarioa egitea izan dela kontuan hartuta, are erabaki larriagoak etor daitezkeela abisatzen ari da, ondasunak likidatzea erabakitzeak herriko tabernen ixtea ere ekar bailezake, txarrenean.
Joera kontserbadoreko epaileek kontrolatzen dute erabat Batasunaren legez kanporatzearen ardura daukan sala berezia, Francisco Jose Hernando Goreneko eta CGPJko presidentea buru dela. Eta nabarmena ari da izaten ez dagoela Zapateroren gobernuaren komenientzien arabera jokatzekotan.
Esanguratsua izan da, baita ere, Garzonek desadostasuna agertu izana Goreneko Sala Bereziari, herriko tabernetan inbentarioa egitea agintzean Garzonek ezarritako administratzaile judizialak kontuan hartu ez dituelako. Auto berean, hilaren 18ko epea jarri die Garzonek 33 herriko tabernari, egoera ekonomikoari buruzko datuak eman ditzaten. Bestela, itxi egingo dituela.
Parot doktrina'. ETAren su-etena baino hilabete lehenago eman zuen Auzitegi Gorenak Parot doktrina esaten zaion ebazpena, urteko askotako kartzela zigor bat baino gehiago duten presoei 30 urte osorik betearaztea ahalbidetzen duen araua, baina ondorioak su-etenaren ondoren etorri dira, gehienbat. Orain arte, 20 euskal presori luzatu zaie espetxealdia Gorenak hartutako erabakiaren ondorioz, Askatasuna erakundearen arabera. Horien artean diraUnai Parot, Txema Martinez, Antxon Lopez Ruiz, Patxi Gomez, Josu Bollada, Joseba Artola, Txomin Troitiño, Iñaki Gaztañaga, Peio Etxeberria, Koldo Hermosa, Kandido Zubikarai, Jon Agirre, Fernando de Luis Astarloa, Kepa Rezabal eta Andoni Alza.
Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren zain dago orain Parot doktrina, helegitea aurkeztua baitago.
[email protected]
Zuzenbide e statuaren gauza horiek
ETAren su-etenaz geroztik auzitegiek hartutako erabakiek, oro har, nabarmen zaildu dute prozesuaren aurrerabidea, eta fiskaltzak jarrera gorabeheratsua izan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu