Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak gatazka konpontzeko atzo Eusko Legebiltzarrean egindako proposamenaren aurka gogor mintzatu da gaur Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia, Espainiako Gerrakoan haur zirela erbesteratu behar izan zituzten hainbat laguni Gernikan egindako omenaldian. Ibarretxeren "ibilbide orria" kritikatzeaz gain, abisua ere eman du: Zuzenbide Estatuaren tresnen bidez galdeketa debeka daitekeela ohartarazi du. "Zuzenbide Estatuak behar adina tresna ditu lehendakariak ilegalkeria bat egin dezala galarazteko", azpimarratu du.
Datorren urteko urriaren 25ean galdeketa egiteko asmoa plazaratu zuen atzo Ibarretxek, bi aukera emanez: datorren ekaina bitartean indarkeria amaitzeko oinarriak ezarriko dituen akordioa hitzartzea Espainiako Gobernuarekin, eta hitzarmen hori berrestea galdeketa bidez. Akordiorik ez balego, "blokeoa gainditzeko" egingo litzateke galdeketa.
Lopezen iduriko, ordea,"independentismo erradikalaren aldeko apostua" da Ibarretxerena, eta konponbidea barik "enfrentamendua, banaketa eta konfrontamendua" sortuko dituela. Hala ere, "lasaitasun mezua" zabaldu nahi izan du PSE-EEko idazkari nagusiak, eta lehendakariak bide hori hartu arren, sozialistek "elkarrizketaren, elkar ulertzearen eta desberdinen arteko hitzarmenaren alde" egiten jarraituko dutela azpimarratu du.
PSE-EEko buruzagiaren bide beretikk, Ibarretxeren proposamenak porrot egitea beste etorkizunik ez duela berretsi dute gaur Espainiako Gobernuko buruzagi bik. Maria Teresa Fernandez de la Vega presidenteordeak egitasmoa ez dela inola ere bideragarria azpimarratzeaz gain, "zentzugabekeria" dela iritzi dio, eta burua galduta aritzea egotzi dio Jaurlaritzako lehendakariari. Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak, berriz, Ibarretxeren proposamenaren oinarrian hauteskundeetarako estrategia dagoela esan du, eta hala hartu behar dela.
Politika
Zuzenbide Estatuaren tresnak galdeketa galarazteko erabil daitezkeela ohartarazi du Lopezek
Ibarretxek atzo egindako proposamena "independentismo erradikalaren aldeko apostua" dela iritzi dio PSE-EEko idazkari nagusiak, eta "enfrentamendua eta banaketa" egingo dituela. Aldiz, sozialistek "elkarrizketaren eta desberdinen arteko akordioaren" alde egiten jarraituko dutela nabarmendu du. Bide beretik, lehendakariaren proposamenak porrot egingo duela ziurtatu du Espainiako Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu