"Euskal Herriko ezker politikoaren batasuna eta elkarlana bultzatzea, betiere, gizarte mugimenduekin elkarrizketan". Apustu hori egin zuen jaiotzatik Alterntiba alderdiak, gaurko batzar nazionalean Alba Fatuartek azaldu duenez. 2008ko abenduan aurkeztu zuten proiektu gisa, eta, 2011tik aurrera, EH Bildu koalizioan parte hartu du. "Horretan jarri genituen gure indarrak, herri honetako eskubide sozial eta politikoetan sakontzeko. Eta gaur, bost urte geroago, euskal ezkerraren erreferente izaten jarraitzen du, hauteskundeen emaitzek berretsi duten bezala", nabarmendu du Fatuartek.
Hiru urterako zuzendaritza
Hiru urterako hautatu dute orain Koordinakunde Nazionala. Bederatzi kidek osatuko dute: Cristina Bereziartuak, Josu Estarronak, Aitor Miguelek, Joxe Iriarte Bikila-k, Josean Egileorrek, Alba Fatuartek, Maria del Riok, Sandra Llanok eta Oskar Matutek. Matute izan da azken urteetan alderdiaren bozeramailea, baina orain arte ez zen zuzendaritzako kide.
Zuzendaritza hiru urterako berritzeaz gain, azken hauteskundeetako emaitzak eta datozen urteetarako ezker subiranistaren erronkak ere aztertu dituzte batzarrean. Partaideen %96k babestu dute zuzendaritza berria; gainerakoak abstenitu egin dira.