Euskal Autonomia Erkidegoko PPk etzidamu egingo du ezohiko kongresua Donostiako Kursaal jauregian, eta ez dago argi nor izango den alderdiko idazkari nagusia. Karguak "haizeberritu eta harrobia landu" behar dela-eta, Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak azaldu zuen Iñaki Oiarzabal egungo idazkari nagusiak kargu hori betetzeari utziko diola. Gipuzkoako Borja Semper, Bizkaiko Anton Danborenea eta Arabako Alfonso Alonso PPko presidenteak Quiroga eta Iñaki Oiarzabalekin bildu dira gaur Gasteizen, baina ez dute zuzendaritza nork hartuko duen eztabaidatu. Larunbateko kongresuaren araudia onartu dute.
Azken egunetan, Manuel Uriarte Gasteizko Ogasun zinegotziaren izena zabaldu da idazkaritza nagusirako, baina Uriartek uko egin dio kargu hori betetzeari. Atzo jakinarazi zion erabakia alderdiari. Azaldu du erabaki "pertsonala" izan dela eta "sakon" pentsatu duela erabakia hartu aurretik, baina uste du "bateraezinak" direla idazkaritza nagusiaren ardura eta Gasteizko Udalean duena. Harekiko "konfiantza" azaldu izana eskertu dio Quirogari, eta esan du hark bere erabakia "ulertu" egin duela.
Normaltasun irudia eman nahian
PP, bien biratean, normaltasun irudia eman nahian ari da. Barne liskarrak agerikoak diren arren, kongresuaren nondik norakoen berri emateko deitua zuen agerraldia lasaitasun mezua emateko baliatu du Nerea Llanos kongresuaren antolaketa batzordeko presidente eta PPren Bizkaiko idazkari nagusi denak.
"PP alderdi batua da", erantzun die kazetarien galderei. Asteburuko kongresuaren ondoren, gainera, are batuagoa izango dela ziurtatu du. "Guztiok egiten dugu bat hori esaterakoan".
Biltzarrerako bi egun besterik falta ez direnean alderdiko idazkari nagusia nor izango den ez jakiteari, garrantzia kendu dio Llanosek. "Normala" dela esan du; azken unera arte ez direla izenak ezagutarazten. Bere kasua jarri du adibide: Bizkaiko idazkari nagusi izango zela, hautatu bezperan jakinarazi zela. Beraz, hedabideak sortzen ari diren ikusminari egotzi dio giro nahasiaren irudipena hedatuta egotea.
Barne liskarrak gainditzeko ezintasunak Arantza Quirogak ultimatuma eman duen zurrumurruak ere badabiltza. Dimititzearekin mehatxu egin duela diote zenbaitek. Llanosek, ukatu egin du zurrumurrua. Quiroga sekula baino indartsu eta gogotsuago dagoela esan du.