Konponbideari begira

Zuzeneko elkarrizketa hastea galdegin dio ETAk Frantziako Gobernuari

Euskal gatazka Espainiaren kontu bat balitz bezala jokatzea leporatu dio, baita "gerra zikinean" eta presoekiko "mendeku politikan" parte hartzea ere.

2012ko martxoaren 9a
19:10
Entzun

ETAk zuzeneko elkarrizketa abiatzea galdegin dio Frantziako Gobernuari AFP Frantziako albiste agentziara igorritako agiri batean. Gatazkaren ondorioei "behin betiko" aurre egiteko aukerari erantzun positiboa ematea espero du erakunde armatuak, eta, horretarako, zuzeneko hartu-eman hori abiatu nahi du.

Agirian gogorarazi dio Frantziako Estatuak erantzukizun zuzena duela euskal gatazkan, eta leporatu dio gatazka soilik Espainiaren kontu bat balitz bezala jokatzen duela. "Frantziak ukatu egiten du Euskal Herriaren errealitate nazionala eta euskal herritarrek euren etorkizunaz erabakitzeko duten eskubidea", gaineratu du ETAk.

Aldi berean, "gerra zikinean" parte hartzea leporatu dio Frantziari erakunde armatuak, "militanteak desagerrarazten lagunduz" eta ETAko kideak atxilotzeko politikarekin kolaboratuz. ETAk Frantziako eta Espainiako gobernuei "errepresio politika" erabiltea eta "euskal presoen aurkako mendekua" hartzea leporatu die.

Une honetan, 150 euskal preso daude Frantziaren espetxeetan. ETAk urriaren 20an borroka armatuaren amaiera iragarri zuenetik, bederatzi lagun atxilotu ditu Frantziak; azkena Manu Azkarate izan da, asteazkenean, eta atxilotu eta ordu batzuetara utzi zuten aske.

Frantziako presidentetzarako hauteskunde kanpainan iritsi da ETAren agiria. Lehen itzulia apirilaren 22an izango da, eta bigarrena, maiatzaren 6an. Nicolas Sarkozy Frantziako presidente eta UMP alderdiaren hautagaia aurreko astean Ipar Euskal Herrian izan zen, eta herritarren protesta jasan behar izan zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.