Askok aurrerapausotzat hartu dute Arnaldo Otegik hori esan izana, «ez zuen gertatu behar», Sorturen izenean ari baitzen, EH Bilduren izenean ez baitzen, beharbada, hain berria izanen adierazpena. Baina haien artean ez gutxi presatu dira ez nahikoa dela esatera. Gogorra behar du esaten duzuna esaten duzula inor gutxi aseko duzula jakiteak. Esan bezala, batzuek ez askietsiaren papera jokatuko dute, aurrekontuak onartzeko tenorean sozioak izanda, gauzak errazten zaizkien arren etorkizun hurbil edo ertainean; beste batzuk horrek berak beldurtuko ditu eta, ustez poztu arren, bainaren bat bilatu diote hitz bakoitzari. «ETAren biktimen minak ez zuen inoiz gertatu behar, baina min hura eragin zuenari edo zutenei buruz zer?».
Ez ditugu egunkarietako lerroburuetan hain erraz irakurriko, baina egon da adierazpenok urrutiegi joan direla uste duenik ere, ezker abertzalearen barruan, esan nahi dut. Gehienek, berriz, aurkituko dute bigarren irakurketak nola egin, baliagarritasuna zein duen, besteen erreakzioaren arabera apoa nola irentsi, eszisioak saihesteko bada ere.
Denbora geldirik pasatzen da (sufritzen duenarentzat edo zain dagoenarentzat batez ere), baina ez dira hamar urte alferrik igaro.
Ez zuen gertatu behar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu