CREUTZFELDT JAKOB GAITZA

100 britainiarri 'behi eroen' gaitza izan dezaketela ohartarazi diete

Gobernuak eskutitz bana bidali die Creutzfeldt-Jakob gaitza izan dezaketen odol emaileei, eta agindu die familiako medikuari euren egoeraren berri emateko eta odolik, ehunik eta organorik ez emateko

Erredakzioa
2005eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
CJD Creutzfeldt-Jakob (CJD) gaitza izan dezaketela ohartarazi die Erresuma Batuko Gobernuak hango ehun odol emaileri, eskutitz bidez. Entzefalopatia espongiformea edo behi eroen gaitzaren giza aldaera da Creutzfeldt-Jakob gaitza. Eskutitza jaso duten herritarrek odola eman zieten hiru laguni, 1993 eta 1994. urteen artean, eta gaixoak sei hilabeteko tartean hil ziren. Eskutitzean, familiako medikuari euren egoeraren berri emateko agindu diete, «gaitza zabaltzea eragozteko». Hala ere, Gobernuak gezurtatu egin du pertsona horiek guztiek gaitza garatu dutela.

Erresuma Batuko Gobernuak 1990. urtean jarri zuen zaintzapean Creutzfeldt-Jacoben gaitza, baina lehenengo badaezpadako neurriak 1999. urtean hartu zituen. Hau da, CJD gaitzaren birusa odol emaileek zabal zezaketela baieztatu zutenean. Ordutik ehunka eskutitz bidali dizkie Gobernuak, gaitza izateko arriskua duten herritarrei. «Ohartarazpen gutunak dira». Gutun horietan aurrerantzean ezingo dutela odolik, ehunik eta organorik eman ohartarazi die Gobernuak.Era berean, medikuei abisua pasatzeko eskatu diete, haiek jakinaren gainean egon daitezen. Edozelan ere, Gobernuak ez du argitu oraindik ehun lagun horiek emandako odola kutsatua zegoen ala ez. Odola jaso zuten hiru gaixoak CJD gaitzaren erruz hil ziren, baina zientzialariek ez dakite odolaren bidez kutsatu ziren, ala behi eroen okela janda kutsatu ziren. Horren harira hauxe esan zuen atzo Liam Donaldsonek, Erresuma Batuko Osasunaren Babeserako Erakundeko buruak: Odola aldatu dioten gaixo batek CJD gaitza garatzen badu, gu derrigortuta gaude badaezpadako neurri guztiak hartzera. Ezin dugu kutsatutako odola jasota hil dela baztertu».Joan zen irailean, 6.000 ohartarazpen gutun bidali zituen Gobernuak. Iturri ofizialen arabera, orduan eskutitza jaso zutenetako askok hemofilia gaitza dute edo odoljarioak izan zituzten bestela, eta 1999. urtea aurretik odola aldatu zieten. Hemofilia eritasun hereditarioa da; koagulazioaren atzerapena eta, traumatismorik txikienarekin, odoljario luze eta iraunkorrak azaltzen dituena. Era berean, baina, emaileek emandako plasmarekin odolaren fase likidoa egindako produktuak hartu zituzten gaixoei ere bidali zieten orduan gutuna, «badaezpada».2003ko abenduan, Erresuma Batuko Osasun ministroak abiarazitako ikerketa baten ondotik etorri zen ekimen hura. 2003ko abenduaren erdialdera, pertsona bat hil zen Erresuma Batuan behi eroen gaitzaren parekoak jota. Hildako pertsona hari odola isuraldatu zioten 1997. urtean, eta, itxuraz, jaso zuen odola kutsatua zegoen. Odola aldatu eta gerora jakin zen odol emailea Creutzfeld-Jakoben aldaera batekin hil zela. Orduan, John Reid Osasun ministroak ez zuen zehaztu pertsona hura odola aldatu ziotenean kutsatu zen ala ez. Reidek esan zuen emaileak ez zuela gaitzaren zantzurik agertu 1996an odola eman zuenean. Itxuraz, odola eman eta hiru urtera garatu zuen hark gaitza. Autopsiak erakutsi zuen gaitzak hil zuela. Iragan irailaren hondarrean, berriz, Erresuma Batuak ustez CJD gaitzaz kutsatutako odola esportatu zuela zabaldu zuen The Times egunkariak. Berripaper horren arabera, gutxienez hamaika herrialdetara zabaldu zuen Londresek odol hori: Irlandara, Brasilera, Dubaira, Indiara, Turkiara, Bruneira, Egiptora, Marokora, Omanera, Errusiara eta Singapurrera. Erresuma Batuko Gobernuak onartu egin zuen hein batean. Izan ere, kutsatutako odola jaso zuten herrialdeekin harremanetan jarria zela esan zuen, berri hori argitaratu biharamunean.

Iritzi publikoaren kezka

Urtebetean hiru ohartarazpen egin ditu Gobernuak, eta kezka nagusitu da. Atzo, lasaitzeko eskatu zien herritarrei Angela Robinson Erresuma Batuko Odol Zerbitzu Nazionaleko buruak. «Azken bost urteetan odola eman, eta ohartarazpen gutunik jaso ez dutenek ez dute kezkatzeko inongo arraizorik». Gutuna jaso dutenei ere lasaitasuna eskatu zien. «Badakigu kosta egingo zaiela informazio hori irenstea, baina Odol Zerbitzu Nazionalak mediku eta psikologo asko jarri ditu, haiei laguntzeko».

-

Datua





142

Erresuma Batuko Gobernuaren arabera, 142 britainiar hil dira Creutzfeldt-Jakob gaitzaren aldaera ezberdinekin. Zenbait zientzialarik, baina, gehiago izan daitezkeela ohartarazi dute. Gobernuak ez du argitu nola kutsatu ziren horiek guztiak.

-

CJD gaitza Erresuma Batuan





1920ko hamarkada: Creutzfeldt-Jakob gaitza identifikatu zuten.

1990: Creutzfeldt-Jakob gaitza zaintzapean jarri zuten, zenbait ganadu aziendatan Entzefalopatia Espongiformea edo behi eroen gaitza agertu ostean.

1990: John Gummer Nekazaritza ministroak eta haren alabak hanburgesa bana jan zuten jendaurrean, iritzi publikoa lasaitzeko asmoz. «Erresuma Batuko okelak ez du ezer txarrik», esan zuten.

1995eko maiatza: Stephen Churchill 19 urteko mutila, CJD gaitzak hil zuen. Churchill lehenengoa izan zen, baina urte hartan beste hiru hil ziren.

1996: Creutzfeldt-Jakob gaitzaren aldaera bat vCJDidentifikatu zuten. Behi eroen gaitzak kutsatutako okela jateak eragiten zuela esan zuten.

2000: 28 lagun hil ziren, vCJD birusak kutsatuta.

2001eko urria: Osasun idazkariak kalte ordainak agindu zizkien vCJD gaitzaz hildakoen etxekoei.

2003ko abendua: 1997. urtean gaixo batek vCJD birusaz kutsatutako odola jaso zuela onartu zuen John Reid Erresuma Batuko Osasun ministro berriak. Transfusioa egin eta sei hilabetera hil zen gaixoa.

2004ko apirila: 1980tik gerora odola jaso zuten gaixoei odola ematea galarazi zien Gobernuak.

2004ko uztaila: Odol transfusio bidez kutsatutako beste kasu baten berri eman zuen Gobernuak. Era berean, odola jaso duten ala ez argi ez dutenei odola ematea debekatu zieten.

2004ko abuztua: vCJD gaitzaren kontrako botikak probatzen hasi ziren gizakietan. Esperimentazio fasean dira oraindik botika horiek. Erresuma Batuan, gutxienez 142 lagun hil dira Creutzfeldt-Jakob gaitzaren vCJD birus aldaerak jota.

2005eko uztailaren 20a: 100 britainiarri CJD gaitza izan dezaketela ohartarazi die Gobernuak, eskutitz bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.