121 milioi haur eskolagabetik gora daude munduan

Neska analfabetoak mutilak baino gehiago direla gogorarazi du Unicefek, eta neskak eskolatzea sustatzeko egitasmoak eskatu ditu

2003ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Haurren eskolatzeari buruzkezkatzeko datuak bildu ditu Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Fondoak, Haurtzaroaren Egoera Munduan 2004 txostenean. Hezkuntza unibertsala sustatzeko programek huts egin dutela dio agiri horretan UNICEFek eta garapenerako nazioarteko estrategiek ez dituztela neskak aintzat hartu. Datu bat: agiri horren arabera, munduan, 121 milioi haur eskolagabetik gora daude eta horietatik 65 milioi inguru neskak dira.

Haurren eskolatzeari buruzkoa da txostena berez, baina aparteko garrantzia ematen die neskak eskolatzeari buruzko datuei. Dokumentuak dio munduan milaka milioi neska eta emakume analfabeto daudela, eta datozen bi urteetan neskak eskolatzea sustatzeko «neurri eraginkorrak» hartu ezean nekez lortuko direla pobrezia murrizteko eta giza baldintzak hobetzeko zehaztutako helburuak. Bestalde, «neskak eskolatzea trabatzen duten hesiak botatzea» nesken mesederako ez ezik mutilen eta haiek bizi diren herrialdeen mesederako ere izango dela ohartarazi du Unicefek.

Nesken analfabetismo tasamutilena baino dezentez handiagoa dela erakusten dute txostenean jasotako datuek, eta horri «kezkagarria» deritzo Unicefek. Izan ere, eta dokumentu horren arabera, neska eskolagabeak eskolatuak baino ahulagoak dira pobreziaren eta indarkeriaren aurrean. Era berean, genero indarkeriaren biktima izateko, erditzean hiltzeko edo hiesaren moduko gaixotasunez kutsatzeko «arrisku handiagoa» dute neska eskolagabeek. Horren harira, agiriak dio: «Neska eskolatuen abantailak ere aintzat hartzekoak dira: eskolara joan diren amek haur osasuntsuak izateko aukera gehiago dute; ama eskolatuek euren seme-alabak ikasketak bukatzea bermatuko dute». Carol Bellamy Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Fondoko zuzendariaren esanetan, «ama eskolatu batek inoiz eskolara joan ez den batek baino ziurrago bidaliko ditu seme-alabak eskolara, eskola pobreziatik ihes egiteko bide bat dela jakitun izango baita».Genero bazterketa dela eta, gauzak okerrera egiten dutenetan, neskek mutilek baino aurretik utzi behar izaten dute eskola, agiriaren arabera. Hezkuntza eskubide moduan ulertu beharko litzatekeela dio, pribilegio moduan baino gehiago: «Hezkuntza eskubide gisa hartzen bada gobernuak derrigortuta daude haur guztien kalitatezko hezkuntza bermatzeko baliabideak lortzera. Aukera gehiago dago, gainera, hala egin ezean gurasoek dagokiena eskatzeko».Halakoetan ohi denez, Saharaz hegoaldeko Afrikako nesken egoera da kezkagarriena. Unicefen datuen arabera, eskolagabegehiago daude azken urteotan: 20 milioi inguru ziren 1990ean eta 24 miliotik gora iaz. Eskolatu gabeko nesken %83, gainera, Saharaz hegoaldeko Afrikan, Asia hegoaldean, Asia ekialdean eta Pazifikoko herrietan bizi dira.

-

Gomendioak



65 milioi neska eskolagabeen egoerak gerrek besteko oihartzunik ez du, baina haien geroa ere aintzat hartzeko modukoa dela dio agiriak. Hona hori konpontzeko proposatzen dituen neurriak.

Eskolatzea: «Garapen egitasmo ororen oinarrian neskak eskolatzea jaso behar da. Egitasmo horiek zehaztean, giza eskubideak aintzat hartzea ezinbestekoa da».

Kontzientziazioa: «Eskola gabe, etxeko lanetan jardutera derrigortzen dituzten nesken egoera larriaz kontzientziatzea beharrezkoa da. Gobernuek, aldiro, eskolara joaten ez diren haurren datuak jakinarazi beharko lituzkete».

Doako eskola: «Lehen Hezkuntzako eskola guztiek doakoak izan beharko lukete, eta eskolara joateak, derrigorrezkoa».

Genero bazterketa: «Genero bazterketaren kontrako legeak eta genero indarkeria eta tratu txarrak zigortzeko legeak indartu behar dira».

Eskolak: «Eskolak komunitatearen garapenerako eta babeserako zentro izan behar du».

Nazioarteko laguntza: «Nazioarteak hezkuntza programak lagundu behar ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.