6.000 britainiarri CJD gaitza izan dezaketela ohartarazi diete

Gutuna jaso dutenetako askok hemofilia eritasun hereditarioa dute, eta 1999. urtearen aurretik odola aldatu zieten guztiei; itxuraz, Creutzfeldt-Jakob 'behi eroen'

Erredakzioa
2004ko irailaren 22a
00:00
Entzun
CJD Creutzfeldt-Jakob (CJD) behi eroen gaitzaren giza aldaera izan dezaketela ohartarazi die Erresuma Batuko Gobernuak 6.000 herritarri, eskutitz bidez. Iturri ofizialen arabera, idatziajaso dutenetako askok hemofilia gaitza dute, eta 1999. urtea aurretik odola aldatu zieten guztiei. Antza, jaso zuten odola kutsatuta zegoen. Nolanahi ere, Gobernuak gezurtatu egin du pertsona horiek guztiek gaitza garatu dutela.

«Osasun publikoaren mesedetan egin dugu; badaezpada hartutako neurri bat da, ez baitugu uste pertsona horiek Creutzfeldt-Jakob gaitza garatu dutenik. Arriskua txikia da», esan zuen atzo Don Jeffriesek, Behien Entzefalopatia Espongiformea eta Creutzfeldt-Jakob Gaitzen Eragin Taularen arduradunak. Eskutitzean, familiako medikuari eta dentistari euren egoeraren berri emateko agindu diete, «gaitza zabaltzea eragozteko». Bestetik, aurrerantzean ezingo dutela odolik, ehunik eta organorik eman ohartarazi diete.Odoljarioak izan dituzten pertsonak edo hemofilia gaitza dutenak dira eskutitza jaso dutenetako gehienak: 4.000 inguru guztira. Hemofilia eritasun hereditarioa da; koagulazioaren atzerapena eta traumatismorik txikienarekin odoljario luze eta iraunkorrak azaltzen dituena. Era berean, baina, emaileek emandako plasmarekin odolaren fase likidoa egindako produktuak hartu dituzten gaixoei ere bidali diete gutuna, «badaezpada».

Gobernuak hasitako ikerketa

Iazko abenduan John Reid Erresuma Batuko Osasun ministroak abiarazitako ikerketa baten ondotik etorri da ekimen hau. Iazko abenduaren erdialdera pertsona bat hil zen Erresuma Batuan, Creutzfeldt-Jakob behi eroen gaitzaren parekoak jota. Hildako pertsona hari odola isuraldatu zioten 1997. urtean, eta, antza, jaso zuen odola kutsatuta zegoen. Odola isuraldatu eta gerora jakin zen odol emailea Creutzfeldt-Jakob gaitzarekin hil zela.

Orduan, Gobernuak ez zuen zehaztu pertsona hura odola aldatu ziotenean kutsatu zen ala ez. Reidek esan zuen emaileak ez zuela gaitzaren zantzurik agertu 1996. urtean odola eman zuenean. Osasun ministroaren esanetan, odola eman eta hiru urtera garatu zuen hark gaitza, eta hil ostean egin zioten autopsiak erakutsi zuen gaitzak jota hil zela.

Kasu haren ondotik, Londresek odola ematea galarazi zien 1980. urteko urtarriletik aurrera odol transfusioren bat jaso zuten pertsonei. Joan den uztailean, bestalde, kutsatutako odola jaso zuen gaixo batek gaitza garatu zuela zabaldu zen, nahiz gero beste arrazoi batzuengatik hil zen. Abendutik hona bi ustezko kasu atzeman dituzte.

1996. urtetik gaur arte, bestalde, ehundik gora kasu izan dira Erresuma Batuan, eta hiru Frantzian. Nekea, depresioa, mugimenduak koordinatzeko zailtasunak, memoria galtzea, espresio eta jokaera arazoak dira gaitzaren zantzu nagusiak. Lehenengo sintomak hasi eta bederatzi hilabete eta hiru urte bitartean hiltzen dira gaixoak, oraindik ez baitago gaitza osatzeko sendagairik.

-

Datua



1

Creutzfeldt-Jakoben gaitza batez beste milioi bat lagunetik batek harrapatzen du, eta 60 urtetik gorako jendeari eragiten dio batez ere. Behi okelaren bidez kutsatutako aldaerak, baina, kasuak ugaritzea ekarri du, eta jende gaztea gaixotzea. 16 urtetik 48 urtera bitartekoak dira kutsatutakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.