Heriotzari xakean irabaztea erabaki dute zientzialariek. Egun galtzeko zorian dauden espezieak dira kontserbazio egitasmoen eta telebistako dokumentalen izarrak. Erresuma Batuko zientzialari talde batek, ordea, ikuspegia hankaz gora jarri du eta egun ongi dabiltzan baina datozen hamarkadotan galtzeko zorian egongo diren animaliak identifikatzeko ahalegina egin du. Munduko hainbat gune nabarmendu dituzte, gizakien jardueragatik bertako animaliak arriskuan daudelako, edo, hobeto esanda, egongo direlako.
Bahamak, Ozeano Bareko hegoaldeko uharteak, Groenlandia eta Errusiako zein Kanadako iparraldea dira mapan arrisku handiko gune gisa markaturikoak, besteak beste. Gune horietan peril handiena duten animaliak identifikatu dituzte, honako irizpidea erabilita: handiak dira erlatiboki, gune txikietan bizi dira eta poliki ugaltzen dira. Hauen artean daude ipar Amerikako elur-oreina, idi musketaduna, Seychelle Uharteetako azeri hegalaria eta lemur marroia.
«Galtzeko arrisku ezkutua»
Galtzeko zorian diren espezieak salbatzeko gaur egun egiten diren ahaleginak espezieetan zentratzen dira, nahiz eta bistan izan kasu askotan espezieon bizilekua galtzeak eragiten duela arriskua. Erresuma Batuko zientzialariok hankaz gora jarri dute ohiko ikuspegia, eta habitatetik abiatu dute ikerketa. «Galtzeko arrisku estalia» kontzeptua erabili duteetorkizuneko hondamendion mapa egiteko. Ideia honen arabera, animaliok ez daude egun arriskuan, euren bizilekuak oraindik ukitu gabe daudelako. Animaliok ez dira galzorian diren espezieen nazioarteko zerrendetan agertzen, baina litekeena da aurki espezieok zerrenda horietan egotea, beste batzuei aurre hartuta gainera, gizakion eragina areagotu ahala.
«Halako jauziak gertatzen ari dira dagoeneko, esaterako Guatemalako tximino orrolariarekin», dio ikerketa zuzendu duen Marcel Cardillo doktoreak. 2000. urtean kezka gutxien eragiten zutenen zerrendan zegoen tximinoa, baina arriskuan direnen zerrendara pasa zen 2004ean, bere bizilekuarekin batera.Maparen bidez, espezieak galtzeko arriskuari aurre hartu nahi dio Cardilloren taldeak, prebentzioa ahalbidetzeko. «Galtzeko arrisku estaliaren ideia kontserbazio egitasmoetan sartzeak lagun dezake etorkizunean aniztasunaren galera aurreikusten eta espezieen gainbehera galarazten hasi baino lehen», dio Cardillok. «Egun arriskuan diren espezietan soilik zentratu beharrean, ikerketaren emaitzak etorkizuneko galerak aurreikusteko erabiliko dituztela espero dugu», gaineratu zuen.
4.000 ugaztun
Zientzialariok ia 4.000 ugaztun espezie ikertu eta haien bizilekuak aztertu dituzte. Gizakiek gune horietan duten eraginaren aurreikuspenarekin parekatu dituzte datuok. Horrela osatu dute etorkizuneko arriskuen mapa. Ginea Berriko, Melanesiako eta Indiako Ozeanoko uharteetako ugaztunak arrisku bizian daude, han giza populazioa asko haziko dela aurreikusi baita.
Espezieak normalean baino 100-1.000 aldiz azkarrago ari dira galtzen egun, iaz argitaraturiko Milurteko Ekosistemaren Egoera txostenaren arabera. Galtzeko zorian dira, esaterako, hiru anfibioetatik bat, bost ugaztunetatik bat, eta zortzi hegaztietatik bat. Espezien galera 2010. urterako murriztekokonpromisoa hartu du Nazioarteak, Aniztasun Biologikoaren itunaren bidez. Mapa bat dute orain, animalien apokalipsia aurreikusteko.
Apokalipsiaren iragarleak
Egun arriskuan egon ez arren, etorkizunean izango diren ugaztunen bizilekuen mapa eratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu