Ekaitzak ez du etxea suntsitzen, itoginak bai, ordea. Batzuk Lurraren berotzea eta klima aldaketa saihesteko energia iturri berri , garbi eta miresgarriaren bila dabiltzan bitartean, beste batzuk etxera begira daude, energia alferrik galtzen uzten duten zuloen bila. Itoginetako bat hauteman dute: stand-by du izena. Gero eta gehiago dira stand-by (zain) aukera duten gailu elektronikoak, eta, kalkulatu dutenez, ezer egin gabe zain dauden gailu horiek jaten dute Europako Batasuneko etxe zein bulegoen argindar kontsumoaren %10.Argi txiki bat piztuta dauka telebistak, itzalita egon arren. Izan ere, telekomandoarekin pizteko agindua noiz emango zain dago. Lehen gailuok bi aukera zuten, on (piztuta) eta off (itzalita). Egun, etxeko tresna elektriko gehienetan off aukera kendu dute, erosleek horrela eskatzen dutela argudiatuta.
Erresuma Batuan berriki eginiko ikerketa baten arabera, bi argindar zentralek sorturiko elektrizitate adina galtzen da han alferrik, gailuak stand-by egoeran uzteagatik. Horrek kliman duen eragina ilustratzeko adibide adierazgarriak eman dituzte. Stand-by funtzioaren ondorioz atmosferara isurtzen den CO2a Atlantikoan zehar eginiko 1,4 milioi hegaldi adinakoa da, hau da, Glasgow hiriko (Eskozia) biztanle guztiak hegazkinez New Yorkera joan-etorriko bidaia eginda baino gehiago.
Alemanian bakarrik 20.500 milioi kilowatt orduko galtzen da, eta Frantziako etxe bakoitzean 235 KW/h galtzen da urtean.
Labea, ordua jakiteko
Gailuak ez badabiltza lanean, zertan joaten da argindar hori? Mikrouhin labeek, esaterako, kontsumitzen duten argindarraren %40 erloju digitalean joaten da. Barne memoriak, informazio pantailak, telekomandoari erantzuteko prestutasuna, bateriak betetzeko funtzioa... Stand-by egoeran joaten da ordenagailuek, fotokopiagailuek, inprimagailuek eta faxek kontsumituriko argindarraren %90. 1990eko hamarkadatik ari da Europako Batasuna arazoaren inguruan hausnartzen. Orain arte tresnen egileei borondatezko urratsak eskatu dizkiete, kontsumoa gutxitzeko. Energiaren Nazioarteko Agentziak Watt Bakarreko Plana hasi du, 2010. urterako stand-by egoeran dauden gailu guztiek watt bat baino gutxiago kontsumi dezaten. Arazoaren muina, ordea, erosleen jarreran dagoela diote adituek, eta galdera baten bidez frogatu nahi dute: telefonoan zenbat gastatzen duzun badakizu ziurrenik, baina ba al dakizu zenbat argindar gastatzen duzun?
Argindarraren itoginak
Egungo tresna elektriko gehienak ezin dira itzali, 'stand-by' egoeran utzi baizik, lotan, eta, ikerketen arabera, etxeko argindarraren kontsumoaren %10 alferrik galtzen da horrela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu