ERLIJIOA

Artzain anglikano ezkondu bat apaiz katoliko Espainian

Izendapena «salbuespena» dela adierazi dute apezpiku espainiarrek

AGENTZIAK
MADRIL
2005eko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Eliza katolikoak apaizen zelibatoaren inguruan duen jarrera ez dela aldatu esan zuen igandean Tenerifeko (Espainia) apezpikuak, nahiz eta egun horretan bertan apaiz izendatu zuen Evans David Gliwitzki 64 urteko artzain anglikanoa. Gliwitzki ezkonduta dago eta bi alaba ditu.

«Errespetu keinua da Eliza Anglikanoarekiko», esan zuen Felipe Fernandez apezpikuak. Gliwitzkiren kasua «salbuespen oso berezia» dela gaineratu zuen buruzagi erlijiosoak eta ukatu zuen hura apaiztuta «zelibatoa onartzeko atea» irekitzen denik.Gliwitzki Zimbabwen jaio zen. Aita Poloniako zen, katolikoa, eta ama anglikanoa. 1984. urtean artzain anglikano izendatu zuten, eta geroztik, bi elizen arteko batasunaren alde jardun zuen, eta parte hartu zuen horretarako Vatikanoan antolaturiko bilkuretan.Eliza Anglikanoak emakumeak apaiztea onartzen du, eta bertako apaizek artzain ezkontzeko baimena dute. Ez du onartzen Erromako Aita Santuaren agintea, eta Ingalaterrako erregina du buru.Azken hilabeteotan lan handia egin dute bi elizek, elkarrengana hurbiltzeko. Ildo honetatik, historian ika-mika teologikoa eragin duten hainbat dogmen inguruan adostu dira bi sinismeneko ordezkariek, besteak beste Mariaren birjintasunaren inguruan.Hurbilketa honen testuinguruan gertatu da Gliwitzkiren apaiztea. Artzainak eskatuta, baietza eman zion hierarkia katolikoak. Tenerifeko (Kanariar Uharteak) apezpikuari eman zioten hura apaizteko eginkizuna. Izan ere, han bizi diren katoliko eta anglikano ingelesdunei zerbitzua emateko eginkizuna izango du. Lehenengo meza gaur bertan eman du. Apaizteko elizkizunetan Gliwitzkiren bi alabak eta iloba izan ziren, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.