ZENTRAL NUKLEARRAK

Astebetean 66 langile kutsatu dira Frantziako zentral nuklearretan

Presio erreaktore berriak eraiki beharrean egungo zentralen segurtasuna hobetzeko eskatu diote Parisi

Erredakzioa
2004ko urriaren 24a
00:00
Entzun
66 dira Frantziako bost zentral nuklearretan urriaren 12tik 20ra gertaturiko istripuetan erradiazioz kutsatu diren langileak. Sortir du Nucleaire (Nuklearretik Atera) taldeak zenbatu ditu, EDF Frantziako argindar enpresa publikoak datu ofizial orokorrik eman ez duen arren. EDFren arabera, kutsadura kasuak «arinak» izan dira. Parisek indar nuklearraren alde eginiko apustuak eztabaida piztu duenean gertatu dira ezbeharrak, lehen EPR (Europako Presio Erreaktorea) eraikitzeko erabakia hartu eta gutxira.

Frantziako iparraldeko Gravelines zentralean gertatu dira biktima gehienak. Hilaren 12a eta 14a artean, urteroko geldialdia egin zuten seigarren erreaktorean, mantentze lanak egiteko. Lanon ondoren eginiko azterketek erakutsi dutenez, 58 langile daude kutsaturik. Segurtasun Nuklearraren Aginteak (ASN) esan duenez, «kutsadura zantzu arinak» dira langileon gorputzetan aurkitutakoak.«Agindu-gelan larrialdi deia beranduegi eman izanak seigarren erreaktorearen eraikineko airea erradioaktibitatez kutsatzea eragin du», esan zuen ASNk urriaren 20ean argitaraturiko agiri batean. «Larrialdi dei gehiago egin ziren hurrengo bi egunetan», gaineratu zuen erakunde ofizialak.Gune nuklearrean eginiko azterketa baten ondoren, zentralaren antolakuntza «eskasa» zela ondorioztatu zuen ASNk, eta gertaera 1. mailan sailkatu zuen, nazioartean hitzartutako istripu nuklearren eskalan (0tik 7ra). EDF enpresak 0. mailan sailkatu zuen.Kanpoko langileak izan ziren beste lau zentraletan urriaren 16tik 20ra izaniko istripuen biktima.Cruasko (Ardeche) zentralean bat zauritu zen, Chinonekoan (Indre-et Loire) bi, Blayaisen (Gironda) bat, eta Nogenten (Aube) lau.«Sail beltz honek erakusten du zentral nuklearretan segurtasuna nola hondatu den», salatu zuen atzo Sortir du Nucleaire taldeak. «Hiru miliar euro EPR erreaktore bat eraikitzeko erabili beharrean, hobe luke EDFk egungo lantegien segurtasunean inbertsioa egitea», gaineratu zuen taldeak.

Erreaktore berrien aurkako kanpaina

Parisko gobernuak udaberrian baiezkoa eman ondoren, «hirugarren belaunaldi» nuklearraren aldeko apustua baieztatu zuen asteazkenean EDF argindar konpainiak. Flamanvillen (Normandia Beherea) lehen EPR (Europako Presio Erreaktorea) eraikitzea erabaki zuen.

Alemania eta Frantziako teknikariek 1992an diseinatu zuten EPR erreaktorea. Hilabete askotan zalantzan ibili ondoren, Jean Pierre Raffarinen gobernuak apirilean erabaki zuen, azkenean, sistema berriak Frantziako 19 zentral nuklearretako erreaktoreak ordezkatuko zituela.Talde ekologistek salatu dutenez, erreaktore berriek ez dute hobetuko segurtasun egoera, EDFk kontrakoa badio ere. Salatu dutenez, EPR erreaktoreak eraikitzeko arrazoi bakarra industria nuklearrari bizirik irauteko aukera ematea da, munduan gero eta zentral nuklear gutxiago eskatzen direnean. Greenpeace taldeak salatu du «zaharkiturik dagoen teknologietan» halako dirutza handiak inbertitzea.Sortir du Nucleaire taldeak EDFri erreaktore berriak egiteko asmoa bertan behera uztera behartzeko kanpainan parte hartzeko dei egin die herritarrei. Horretarako argindar faktura kopuru ezberdinetako txeke txiki askoren bidez ordaintzeko eskatu du. Taldearen arabera, konpainiaren kontabilitateari oso zaila izango zaio lan gainkargari aurre egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.