FRANTZIAKO ZENTRAL NUKLEARRAK. STEPHANE LHOMME. SORTIR DU NUCLEAIRE ERAKUNDEKO ELEDUNA

«Azpikontratetako langileak ari dira kutsatzen, minbiziaren estatistiketan ager ez daitezen»

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2004ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Nuklearraren aurkako borrokaren ahots bakanetakoa da, Frantziako basamortuan, Sortir du Nucleaire (Nuklearretik Atera) sarearena. Azken asteotan mugimendu ugari izan da indar atomikoaren inguruan: plutonio garraioa, lehen EPR (Europako Presio Erreaktorea) eraikitzeko erabakia eta, azkenik, urriaren 12tik 20ra gertaturiko kutsadura kasuak. Taldearen eledun Stephane Lhommek azaldu digu nuklearraren inguruan Frantzian gertatzen ari dena.

Hil honetan 66 langile kutsatu dira astebetean Frantziako bost zentral nuklearretan. Kasu batean 58 kutsatu dira batera. Ohikoa al da halakorik gertatzea?

Ohikoa izaten da, zoritxarrez, kutsadura kasuak gertatzea, baina 58 batera ez dut inoiz ikusi. Oroimenean genuen txarrena joan zen urtarrilean gertatu zen: zazpi batera, Asaziako zentral batean. Marka da hil honetan jazotakoa. EDFk [Frantziako argindar konpainia publikoa] dio oso dosi txikiak izan direla. Dosi txikiek ere eragin larriak izan ditzakete, ordea, minbizietan eta kalte genetikoetan. Kasu honetan are larriagoa da, kutsadura izan delako eta ez irradiazio soila. Irradiazioa erradioaktibitate iturri batetik gertuegi zaudenean gertatzen da. Kutsadura, berriz, partikula erradioaktiboak zure gorputzean sartzen direnean gertatzen da. Arriskua askoz handiagoa da.Partikula bat arnastuz gero, birika batean ezar daiteke eta horrek minbizia eragiten du automatikoki. Hori bai, 10 edo 15 urteren buruan sumatuko duzu.

Kasua horren larria bada, zergatik jaso du halako tratamendu arina agintarien eta EDFren aldetik?

Kaltea izan duten langileak aldi baterako azpikontratatuak dira. Pertsona horiek nuklearraren nomadak dira, Frantzia osoan ibiltzen dira zentralez zentral, egin beharreko lanen arabera, eta askotan kanpinetan bizi dira. Hamar bat urteren buruan ez dituzte gehiago kontratatzen. Ondoren naturan desagertzen dira, beraien minbiziarekin, jakina. Horrela EDFk bere estatistikak egiten ditu, langile finkoen artean, bistan da, eta zentral nuklearretan lan egitea arriskutsua ez dela ondorioztatzen du. Ikerketen arabera, zentral nuklearretako erradioaktibitatearen %80 kanpoko langileek jasotzen dute.

Zer ari da gertatzen industria nuklearrean halakoak jazotzeko?

Zentral nuklearren eta hauen mantenamenduaren egoera gero eta eskasagoa da. EDFko barne agirien arabera, 2002ko urtarriletik gastuak murrizteko egitasmoa dago indarrean zentraletan. Egitasmoaren ondorioak ezagutzen hasi gara, hiru urteren buruan, eta istripu larriak gertatzeko arriskua gero eta handiagoa da.

Edonola ere, publizitate handiz zabaldu dute azken egunotan lehen EPR erreaktorea eraikitzeko erabakia. Kontraesanik bai hor?

EPR erreaktoreak 3.500 milioi euro kostatzen dira, eta indar iturri berriztagarrietan inbertitzeko eskatzen dugu guk. Nuklearrean xahutu nahi badute ere, hobe lukete egungo zentralen behar bezalako mantenamenduan inbertitzea.

Seguruagoak direla dio EDFk.

Beldurgarria da adierazpena. Hamar aldiz seguruagoak direla dio EDFk. Beraz, egungoak hamar aldiz arriskutsuagoak dira eta horietako 58 martxan dituzte. EPR erreaktorearen berrikuntza bakarretako bat honakoa da: hautsontzi erraldoi antzeko bat dago erreaktorearen azpian nukleoa jasotzeko, fusioa gertatzen bada. Horrek frogatzen du fusioa posibletzat dutela. Horrez gain, sistema honek lurrin leherketa handiak ekar ditzake, konfinatze gela zartatzeko modukoak. Gela urez betetzen bada, segurtasun faktoretzat ematen dutena arrisku eragile bihurtuko litzateke.

Zein da, orduan, erreaktore berriok eraikitzeko arrazoia, zuen arabera?

EPR erreaktorea atzerrian saltzeko erakusleihoa behar dute. Erabakia oso azkar hartu dute, Jacques Chirac presidenteak Txinara eginiko bisitaren ondoren. Han erreaktoreak salduko zituela uste zuen Chiracek, baina ez zituzten erosi nahi. Txinatarrek zera esan zieten: nolatan erosiko ditugu erreaktoreok zeuek etxean jarri ez badituzue?

Ekologisten artean eztabaida piztu da azken hilabeteotan. James Lovelock Gaia teoriaren egileak idatzi duenez, indar nuklearrera jo beharko genuke Lurraren berotzea gelditzeko. Itxaropenik ez dutenen konponbidea al da indar nuklearra?

Txantxa al da?

Lovelock ez da edonor. Ekologismoaren ikurra izan da.

Nola sendatuko duzu, bada, Lurra planeta milaka urterako gaixotzen duen teknologia baten bidez? Ez du ez hankarik ez bururik. Nuklearra indar iturri marjinala da. Munduan kontsumitzen den energiaren %5a da, eta gutxitzeko joera nagusi da Energiaren Nazioarteko Agentziaren datuen arabera. Herritarren eta agintarien kontrakotasuna nagusi da. Soilik Frantzian dago aldeko hautetsi asko. Are gehiago, uranio erretserbak 50-60 urte irautekoak dira egun planetan dauden 440 erreaktoreekin. Hondakinak eta hondamendi arriskua onartu eta nuklearrean buru-belarri sartuko bagina berotegi efektuaren aurka borrokatzeko, 2.000 erreaktore gehiago beharko genituzke munduan eta uranioak soilik 10 urte iraungo luke. Nuklearra ez da alternatiba. Lovelockek dioena akats larria da, eta, gainera, ezinezkoa da.

EDFren kontrako boikot deialdia egin duzue berriki. Zeintzuk dira kanpainaren asmoak?

Ez da boikota, baizik eta butxadura administratiboa sortzeko kanpaina. Fakturak kopuru ezberdineko txeke txikiz ordaintzeko dei egin dugu, konpainiaren administrazioa paper uholde baten bidez hankaz gora jartzeko. Joan zen astean abiatu zen kanpaina eta jendeak oraindik faktura jasotzen hasi baino ez du egin. Agian funtzionatuko du, agian ez. Ikusiko dugu hilabete batzuen buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.