Hegaztien gripea

Balizko pandemia baterako prestatzeko eskatu du EBk

Europako Batasunak hegaztien gripearen balizko pandemia baterako prestatu beharra daukala ohartarazi du gaur EBko Osasun arduradun Markos Kyprianouk. Botika antibiralak prestatzeko deia egin du, eta gripe arruntaren kontrako txertoa ahal den gehiena zabaltzeko aholkua eman du. Izan ere, Errumaniako haztegi batean hegaztien gripea atzeman dutela baieztatu dute, eta astelehenean Turkian bilatutako birusa gizakientzat kaltegarriena den H5N1 dela jakinarazi dute. Pandemia zabalduko balitz antibiralak banatzeko mila milioi euroko "elkartasun fondoa" onartzea aztertzen ari da EB.

2005eko urriaren 13a
18:34
Entzun
EBko Osasun arduradunak esan duenez antibiralak sortzea "estatuentzat lehentasuna izatea" da helburua, eta horretara dirua bideratzea. Gripe arruntaren aurkako xertoa ahalik gehien zabaltzeko aholkua eman du, izan ere, hori baita hegaztien gripeari aurre egiteko lehen pausoa. Hegaztien gripearen kontrako txertorik ez dago oraindik-orain, izan ere birus hori ez da existitzen. Birusaren "mutazio" bat gertatu beharko litzateke gizakitik gizakira pasatuko litzateken birusa sortzeko. Orain ez da horrela kutsatzen; kutsatzeko animaliekin kontaktu zuzenean egon beharra dago.

Hegaztien gripearekin kutsatutako hegaztiak agertu diren haztegian 40 ahate eta oilasko bat hil ziren joan zen astean, eta horregatik egin dituzte azterketak. EBko laborategietan egin dituzte azterketak eta ahate bati eta oilasko bati H5 birusa atzeman diete. Orain, birus hori H5N1 ote den aztertu behar dute, hori baita arriskutsuena.

EBren elikagaien katearen batzordeak presazko bilera egingo du gaur bertan, eta Errumaniatik hegazti bizidunak, oilaskoak eta eratorriak inportatzea debekatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.