Begirunea galbidean

belaunaldi berriek errespetua galdu dutela diote askok; balioen krisiaz hitz egiten dute batzuek eta garai berriez, zenbaitzuk

2003ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Agurrak garesti daude egun. Garestiegi zenbaitzuren ustez. Ohitura onak galtzen ari direla diote batzuek, belaunaldi berriek adinekoenganako begirunea galdu dutela. Egun on bat opatzeak ez duela ahalegin handirik eskatzen nabarmentzen dute batzuek, ezaguna ez denari jaramon egiteak zentzurik ez duela besteek. Gizalegez jokatzea zer den galdetuta, begirunea eta errespetua erantzuten dute guztiek aho batez; gizalegezko jokaerez galdetuta, ostera, nekez jartzen dira denak ados. Beste modu batera esanda, balioen krisiaz hitz egiten dute batzuek eta garai berriez, beste batzuek.

Latinezko Civis berbatik dator civismo; euskaraz, gizalegea. Egungo herritarraren ordez erabiltzen zen erromatarren garaian civis berba. Erromako herritarrak ziren civisak eta haientzat aparteko garrantzia zuen ezer bazen, hori herritarren arteko fideltasuna zen. «Herritartasuna» zuzenbide-terminoa sortu zuten haiek, eta orduko sistemaren oinarri bihurtu zen denbora gutxian. Gerora, norbanakoek beste herritarren interesen alde egiteari deitu zitzaion gizalegea, eta egun, berriz, herritartasun kontzientziaren sinonimo da gizalege berba, soziologo askorentzat. Harluxet hiztegi entziklopedikoaren arabera, esaterako, gizon-emakumeei dagokien portaera da gizalegea, eta gizalegez jokatzea, berriz, gizartean bizitzeak dituen jokabide-arauekiko begirunez jokatzea.



errespetua



Gizalegea berba bera arrotza da askorentzat. Hura entzun eta hasperen egiten dute gehienek. Berriak elkarrizketatutako filosofoek ere hausnarketa sakona eskatzen duen berba dela diote, «sakonegia» laburrean definitzeko. Ingurukoek, berriz, hitza aipatu eta adibideekin erantzuten dute. «Gizalegezkoa da autobusera kostata igo den adinekoari eserlekua uzteko jaikitzea, nahiz gutxik egiten duten»; «lantokira sartzean lankideak agurtzeari deritzot gizalegez jokatzea nahiz oso gutxik agurtzen duten»; «adinekoei begirunez hitz egitea, eta zuka egitea da gizalegez aritzea»; «kalean pipak jatea ez da gizalegezkoa ezta azpiko bizilagunak arropak esekita dituen begiratu barik alfonbrak astintzea ere»; «etxean egingo ez genituzkeenak kalean egitea ez da gizalegezkoa».

Begirunea galtzen ari dela diote batzuek, beste batzuek, berriz, lehengo begirunea azalekoa baino ez zela diote. Gurasoei kontra egitea haienganako errespetua galtzea dela diotenei, garai bateko begirune hura hipokrisian oinarritutakoa zela erantzuten diete besteek. Menpekoen beldurra irudikatzen dute horiek. Haien esanetan, beldurrak eta agintearekiko morrontzak mantendu ditu bizirik balio horiek urteetan.Gabriel Cohn pentsalariaren esanetan, «axolagabekeria» nagusitu da egungo gizartean, eta norbanakoek euren zilborrari baino ez diote begiratzen haien jokabideak besteengan izango duen eraginari erreparatu barik. Haren esanetan, «agente handiek, bereziki historian beste inork izan ez duen boterea duten agente ekonomikoek munstroen moduan jokatzen dute. Hau da, euren botereak eta euren jokabideek besteengan izan dezaketen eraginaren gaineko kontzientzia barik». Agente ekonomikoak eta egungo sistema bera jotzen dute balioen ustezko krisi horren erantzule autore askok. Victoria Camps eta Salvador Giner filosofoen esanetan, esaterako, egungo gehiegikeria oztopo bat da gizalegean oinarritutako elkarbizitza baterako. «Bizitzea elkabizitzea bada, gizalegearen oinarria elkarbizitzaren gobernu egokia da eta gehiegikerian oinarritutako egungo sistema ekonomikoa oztopo bat begirunezko elkarbizitza baterako».

Salvador Cardus soziologoak ere aztertu du gizalegearen gaia. Heziketaren eta gizalegearen gaineko liburua idatzi berri du Cardusek eta aurki kalean izango da. Liburu horretan balioen krisiaz hitz egiten du Cardusek. Haren esanetan, «gizarte arauak traba moduan hartu izana eta haiek bazter utzita gizarte libreago bat posible dela pentsatzea» izan da gizalegezkotzat jo diren balioen krisialdiaren erantzule nagusiak. Horren harira Cardusek dio: «Oker jokatu genuen gizarte arauak traba moduan ulertzean. Ez ginen jabetu gizarte arauak ezereztu barik aldatu egin behar zirela, arau demokratiko eta eguneratuagoengatik aldatu behar genituen».



etika





Besteei trabarik egiten ez dien oro baimenduta al dago? Ezin dugula nahi duguna egin irakatsi digute etxean eta mezu bera jaso dugu etika eskoletan. Bat-bateko sentimenduak ez direla beti onak izaten eta eskubideak ez ezik norbanakoen betebeharrak betetzeko arauak beharrezko direla. Etika hitza ere sarri aipatzen da puntu horretara helduta. Horren harira zenbait autorek diote etika irakastea ez dela herritar ona izaten erakustea. Horren harira, etikaren defendatzaileek diote gizalegez bizitzea ingurua ezagutzea eta haren arabera jokatzea dela. Hala, etikak errealitatea erakutsi behar duela diote, onaren eta txarraren artean bereizten jardun barik.

-

Definizioa



Zer da gizalegea?



Jatorria: «Latinezko Civis berbatik dator civismo; euskaraz gizalegea esaten zaiona. Egungo herritarraren ordez erabiltzen zen erromatarren garaian civis berba. Gerora, norbanakoek beste herritarren interesen alde egiteari deitu zitzaion».Haluxet Hiztegi Entziklopedikoa: «Gizon-emakumeei dagokien portaera, gizartean bizitzeak ezartzen dituen jokabide-arauekiko begirunea».

Encyclopaedia Britannica: «Hiritarren behar eta interesak zaintzeko prest dagoen pertsonak duen portaerari deitzen zaio gizalegea».

Pentsamendu errepublikanoa: «Askatasuna instituzio publikoek ezarritako ordenaren araberakoa da. Hori mantendu ahal izateko, baina, herritarren parte-hartzea oinarrizkoa da. Haien esku dago gizalegea errespetatzea. Beraz, arauak errespetatzen diren bitartean hiritarrak askeak izango dira».

Victoria Cmaps eta Salvador Giner filosofoak: «Bizitzea elkarbizitzea bada, gizalegearen oinarria elkarbizitzearen gobernu egokia da eta gehiegikerian oinarritutako egungo sistema ekonomikoa oztopo bat da begirunezko elkarbizitzarako».

Hervert Hoover (AEBetako politikari ohia): «Gizalegea eta anaitasunak bultzatuta egindako ekintza bat gobernuaren aberastasun guztiak baino aberasgarriagoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.