Ardeche departamenduko (Rhone-Alpes) etxalde batean aurkitu dute abere kutsatua. Hasieran, ikara zuela uste zuten. Gaitz hori behien entzefalopatia espongiformearen antzekoa da, eta batez ere ardiei eragiten die. Ardecheko kasua aztertu zuten Frantziako ikertzaileek, ordea, ahuntzaren entzefalopatia eta behiei eragiten diena berdinak zirela ikusi zuten. Europako Batzordeak izendaturiko zientzialari talde batek aztertu du kasua eta bi urte behar izan ditu ondorioak ateratzeko. Atzo baieztatu zuten ahuntzak behien gaitza zuela. Abereetatik gizakira kutsaturiko entzefalopatia espongiformeak dozenaka pertsona hil ditu Europan, gehienak Erresuma Batuan (148). Creutzfeld-Jacoben gaitza esaten zaio gizakiari eragiten dion aldaerari.
200.000 ahuntz aztertuko dituzte
Aspaldi susmatzen zuten behien entzefalopatia espongiformeaabere txikiagoetara igaro zitekeela. Horregatik, zaintza sistema jarri zuten indarrean 2002. urtean. «Kasu hau aurkitu egin da EBren azterketa sistemari esker», esan zuen atzo Markos Kyprianou Osasunerako eta Kontsumitzaileen Babeserako komisionatuak. «Azterketa sistemak erakutsi digu oso entzefalopatia espongiforme kutsagarri gutxi gertatzen direla ahuntzen artean. Sistemak eman digu aukera kasu hauek elikadura katetik ateratzeko. Hala egin zen ahuntz honekin eta talde guztiarekin», gaineratu zuen komisionatuak. Ardecheko 300 abereko taldea hil eta gorpuak erre egin zituzten. Azken bi urteotan, 140.000 ahuntzen burmuinak aztertu dituzte Europa osoan, gaitzaren zantzuen bila.
Frantziakoa kasu bakartuaden jakiteko, ahuntzen gaineko kontrola areagotuko duela dio EBk. Datozen sei hilabeteetan 200.000 ahuntza aztertu nahi dituzte, EBko kide diren 25 estatuetan. Azterketak are zorrotzagoak izango dira behi eroen gaitzak gogorren jo dituen herrialdetan; Erresuma Batuan, kasu.Ardecheko ahuntzaren kasua aztertzeko, datorren astean bilduko da Europako Batzordeko Elikagai Kate eta Abereen Osasunerako Batzorde Iraunkorra. Asteazkenean eta ostegunean eztabaidatuko dute eta, ondoren, egitasmoa onartzeko edo baztertzeko bozketa egingo dute estatuetako ordezkariek.
«Babes handia» eta «arrisku txikia»
Herritarrek arduratzeko arrazoirik ez dutela esan zuen atzo EBko komisionatuak. «EBko segurtasun neurriek oso babes maila handia ematen dute», adierazi zuen Kyprianouk. Europako Batzordeak atzo zabaldu zuenez, kontsumitzaileek duten arriskua «oso txikia» da. Elikagaien Osasunerako Europako Aginteak (EFSA) zabaldu duenez, ez dago inongo arriskurik esnea eta ahuntz produktuak kontsumitzeko, abere osasuntsuetatik baldin badatoz. Kontsumo ohiturak ez aldatzeko eskatu dute: «Ahuntz esnea, gazta eta haragia jateari uzteko beharrik ez dago». Edonola ere, ahuntz haragia eta beste produktuak hartzeak izan ditzakeen arriskuen inguruko txostena egiteko eskatu dio Europako Batzordeak EFSAri. Uztailerako prest egon behar du txostenak.
Hainbat neurri hartu zituzten gaitza 1990eko hamarkadan zabaldu ondoren. Besteak beste, abereen haragi eta hezurrekin eginiko irinak debekatu zituzten. Ikarak jotako abere oro hil eta gizakientzat arriskua dakartzan gorputz atalak suntsitzeko agindua eman zuten. Gaixoturiko animalien buruko eta hezurretako muina jatea da gaitza harrapatzeko modurik errazena. Adituek ez dakite, ordea, zenbat jan behar den kutsatzeko.
-
HEGAZTIEN GRIPEA
Gaixotasuna gizakitik gizakira kutsatu da
Thailandiako Osasun Ministerioko ikertzaileek atzo iragarri zutenez, hegaztien gripeak hildako emakume batek beste pertsona batengandik jaso zuen birusa ziurrenera. Orain arte, hegaztiekin lan egindako pertsonak edo animalietatik gertu bizi zirenak kutsatu dira. Emakumea hegaztien gripeak gaixoturiko alaba zaintzen izan zen.Zientzialariak beldur ziren, aspaldi, birusa mutatu eta gizakitik gizakira kutsatzen hasiko ote zen. Birusak «azken hesia» hautsi duela esan zuen atzo aditu batek. Gripe izurrite hilgarri bat aurki gertatzea «saihestezina» dela esan zuen iaz Osasunerako Munduko Erakundeak. Azkenak milioi bat pertsona hil zituen Asian, 1968an.