Beroa, kutsaduraren ondorioa

Aurtengo udan albiste izan diren sute, uholde eta lehorteak ohikoak izango dira aurrerantzean IPCCko ikerlarien arabera

arantxa elizegi egilegor
2003ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Jendeak ez du berehala ahaztuko 2003ko uda. Azken urteetako tenperaturarik beroenak izan dira herrialde gehienetan. Milaka hektarea baso erre dira Europa osoan, eta lehorteak aspaldiko urteetako larrienetarikoak izan dira. Bitartean, zientzialariak bero bolada honen zergatiak aurkitu nahiean ari dira lanean.

Adituen esanetan, bero bolada eta uholdeak eragin dituena aldaketa klimatikoa izan da, eta aldaketa hori kutsadurak bultzatu du. Nazio Batuetako Aldaketa Klimatikorako Gobernuarteko Panelak (IPCC) egindako ikerketen arabera, uholdeak eta tenperatura altuak ohikoak bilakatuko dira mende honetan. Kontuan hartu behar da azken 150 urteotako hamar urte beroenak 1987az geroztikakoak izan direla. «Datozen urteetan izango dugunaren adibide bat besterik ez da izan uda hau», nabarmendu zuen Rajendra Pachauri IPCCko lehendakariak. Hala ere, aurtengo udan izandako tenperaturak ez dira historiako altuenak izan. Mariano Barriendos Bartzelonako Unibertsitateko paleoklimatologoaren esanetan, XIX. mendean, aurten bezala, 26 gradu inguruko batezbesteko tenperaturak izan ziren Europan.

Bero boladak gorabehera handiak eragin ditu mundu osoan. Txinan adibidez, azken 30 urteotako lehorterik okerrena igarotzen ari dira. Ondorioz, Gizarte Gaietarako Ministeritzak atzo jakinarazi zuenez, 90 milioi lagunek arazoak dituzte ura lortzeko. Hunan, Jiangxi eta Fujian probintzietan, besteak beste, %80 jaitsi da euri kopurua, aurreko urteekin alderatuz gero.>

Animaliak ere beroak jota

Gizaki eta landareetan ez ezik animalietan ere izan du eragina. Asko izan dira beroaren eraginez hil direnak, gehienak hegaztiak. Johanna Theunissen Alemaniako Basabizitzaren Babeserako Elkarteko kidearen arabera, hegazti mota askok normalean baino lehenago jarri dituzte arrautzak. «Sorbeltzak eta kukuak adibidez, beste urteetan baino lehenago ugaldu dira eta, ondorioz, normalean baino hamar egun lehenago aldegin dute hegoaldera», nabarmendu du Theunissenek.

Horrez gain izurrien arriskua ere aipatu du Alemaniako Basabizitzaren Babeserako Elkarteko kideak. Bere esanetan, tximeletak, normalean, urtean behin ugaltzen dira. Aurten, ordea, hiru aldiz jarri dituzte arrautzak. «Tximeleta horiek hegazti mota batek harrapatu ohi ditu bere txitei jaten emateko, baina, aurten tximeletak hiru aldiz ugariagoak dira eta hori nabaritu egiten da nekazaritzan. Landaretzan kalte handia eragiten dute intsektu horiek», esan du Theunissenek.

Bosnia iparraldean dagoen Sanicani lakua arrantzarako lekurik hoberenetako bat izan da orain arte. Aurten, ordea, Gobernuak debekatu egin du bertan arrantzan aritzea. «Azken asteotako beroaren eraginez arrain ugari agertu da hilik», esan du Gobernuko bozeramaileak. Baina, hildako arrainak ez dira Bosnian bakarrik agertu. Agintarien esanetan, 30.000 aingira agertu dira hilik Rhin ibaian, Alemanian.

Errumanian, lehorteak eta suteak dira nagusi. Danubio ibaiak inoiz baino ur gutxiago darama eta ondorioz, ura handik hartzen zuten nekazari askok uztak galdu dituzte. Era berean beroaren eraginez, suteak ugaritu egin dira.

Mediterraneoan, berriz, itsasoaren tenperatura 31 gradutara iritsi da.

Basabizitzarako Mundu Erakundeko (WWF) kidea den Lara Hansenen esanetan, anemonek eta itsas izarrek itsasoko beste izakiek baino gehiago nabaritu dute beroa, ezin izan baitute leku hotzagoetara ihes egin. «Ura berotzen den heinean, beraien metabolismoak azkarrago egiten du lan, eta beraz, janari gehiago behar izaten dute. Izaki horiek planktona jaten dute eta hori ere murriztu egin da beroarekin», nabarmendu du WWFko kideak.

Nekazaritzan ere kalte handiak eragin ditu bero boladak. Europan nekazaritzatik bizi direnak arazo larriak dituzte aurtengo uztak aurrera ateratzeko. Ura oso eskasa da eta herrialde askotan mugatu egin dute haren erabilera. Ondorioz, nekazarieta abeltzainek oztopo ugari izan dituzte landare eta abereentzako ura eskuratu ahal izateko. Uztailaren amaieran bildu ziren EB Europako Batasunako Nekazaritza ministroak hartu beharreko neurriak eztabaidatzeko asmoz. Hala ere, lehorteek kalte ekonomiko handiak eragin dituzte. Austria eta Frantzia izan dira herrialderik kaltetuenak.

Indian ere lehorteak hildako ugari eragin ditu. Andra Pradesh probintzian bakarrik 1.664 pertsona hil dira bero boladaren ondorioz.>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.