Berriro izurriaren beldur

Turkiaren menpeko Kurdistanen beste gaztetxo bat hil da hegazti gripeak jota, hirugarrena, eta beste 15 gaitzak jota daude; OMEko adituak hurbildu egin dira egoeraren berri bertatik bertara izateko

Erredakzioa
DONOSTIA
2006ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Hegazti gripeak jota beste gaztetxo bat hil da Turkiaren menpeko Kurdistanen, Hulya Kocyigit, 11 urteko neskatoa. Turkiako osasun agintariek eman zuten atzo albistearen berri. Aste honetan hil diren beste bi gaztetxoen familia bereko alaba zen. Hiru heriotza hauek Asiako ekialdetik kanpo gaitzak eragindako lehenak dira, eta kezka zabaldu da. Beste 20 lagun ere tratamenduan daudela onartu dute osasun agintariek, etaIgdir, Erzurum eta Sanliurfa probintzietan birusak kutsatutako hegaztiak agertu direla.Ankaran, halaber, kutsatutako bi ahate aurkitu zituzten atzo.

Albisteen larritasunak arduratuta Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) adituak atzo Turkiara bidean jarri ziren. Zer gertatzen ari den argitzen saiatuko direla esan zuten: «Hegaztien gripea bertaraino nola iritsi den argitu nahi dugu, eta birusa animalien bidez kutsatzen ari den, edo eta pertsonen arteko kontaktuaren bidez».

Kezkarako motiboak ez dituzte ezkutatu OMEko arduradunek, baina, era berean, lasaitasun mezua zabaldu nahi izan dute. Fadela Chaib erakundeko eledunak atzo azaldu zuenez, Kurdistanen gaixotutako pertsona guztiak H5N1 birusak guztien artean larriena da kutsatutako hegaztien ondoan egon ziren eta horregatik eritu zirela uste da: «Infekzio gune berean egon ziren denak».Pertsonen arteko kutsadura kasurik oraindik ez dela agertu esan zuen.Hildako hiru gaztetxoen gurasoek Van probintziako hegazti etxalde batean egiten dute lan, hantxe bizi da familia osoa, eta haurrei jateko kutsatutako hegaztia eman zietela dirudi. «Are gehiago, hegaztia hil zenean haren buruarekin jolasean aritu ziren umeak», azaldu du Van hiriko erietxeko medikuen buru Ahmet Faik Oherrek. Bertan artatu dituzte hil diren hiru haurrak, eta han zaintzen ari dira familiako beste ume bat ere. Hura ere birusak jota dago.Tratamenduan dauden pertsona guztiek hegazti gripea duten baieztatzerik ez da izaten analisi jakin batzuk egiten ez diren arte. Oraingoz Turkian hiru kasu bakarrik baieztatu dituzte analisiek, hildako lehen bi umeena eta eri dagoen beren klaneko beste kide batena. Nolanahi ere, kasu gehiago ere baieztatuko direla dirudi. Mundu zabalean denera 77 pertsona hil dira hegazti gripeak jota.

Turkiako agintariak neurriak hartzen ari dira

Turkiako agintariek ostegun arte ez zuten onartu gaixotutako umeek hegazti gripea zutenik. Ostegunean egoeraz jabetu, eta neurriak hartzen hasi ziren gaitzaren aurka.Neurri batzuk birusa ez gehiago zabaltzeko hartu dituzte: milaka hegazti akabatzen hasi dira, eta gaitza agertzen ari den lekuetako herritar eta animaliak berrogeialdian jarri dituzte. Gaixoei emateko, berriz, Tamiflu izeneko botika bidaltzen ari dira. Roche konpainiak egiten du sendagai hori, eta egun gaixotasunari aurre egiten laguntzen duen bakarra da.

«Pandemiarik eta antzekorik ez dugu espero Turkian. Baina benetako arriskua dute hegaztiekin kontaktuan ibiltzen diren pertsonek», azaldu zuen atzo Turkiako Osasun ministro Recep Akdagek. Tayyp Erdogan lehen ministroak hegaztiak hazten dituzten etxaldeetan lanean ari diren pertsonei laguntza eskatu zien, eta hegaztiak akabatzeko orduan eragozpenik ez jartzeko esan zien. «Oilaskoak, indioilarrak, antzarak... Jendeak ez ditu ezkutatu behar». Turkian nahiko ohikoa da jendeak etxean hegaztiak haztea, eta horrek zaildu egingo ditu hegazti guztiak kontrolpean izateko ahaleginak.Kasu hauek eragiten ari diren kezkaren ondorioz, atzo Errumaniako Nekazaritza ministroak kontrol neurriak zorrozteko eskaria egin zuen. Ukrainako agintariek, berriz, Crimean gaitzak jotako hegaztiak agertu direla esan zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.