Orbanak nabarmenak dira bere masailetan behera, begitartea mugitzeko gaitasun urria du, eta ahoa itxita edukitzeko zailtasun handiak. Hala ere, orain Isabelle Dinoire pozik dago. «Beste edonork bezala nik ere aurpegi bat dut orain». Prentsaren aurreko agerraldia eskaini zuen atzo Amiensen (Frantzia). Iazko azaroaren 27an aurpegi transplantea egiteko ebakuntza egin zioten hango erietxe batean. Desitxuratuta zuen guztiz aurpegia bere txakurrak egindako eraso baten ondorioz: kokotsa, ezpainak eta sudurra suntsituta zituen. Guztiz. Ebakuntzan hiletsitako emakume baten aurpegiko azala, larruazaleko gantza eta odol basoak jarri zizkioten, aurpegia berregiteko.
Aurpegi transplantea egiten zen lehenengo aldia izan zen, eta ikusmin handia sortu zen ebakuntzaren inguruan. Aurpegi aldaketak sor ditzakeen ondorio psikologikoen inguruan mintzo ziren batez ere adituak. Baina lehenengo esperientziaren arabera, bideragarria da. Errepikatzeko modukoa.
«Lan handia» egiteko
Isabelle Dinoire errehabilitazio lanak egiten ari da oraindik aurpegi berrira behar bezala egokitzeko, eta aurrez aurre egiteko «lan handia» duela aitortu zuen atzo. Aurpegiko giharrak bere sentitu behar ditu, eta ondo mugitzeko gaitasuna berreskuratu. Baina, hala ere, ebakuntzak berari «ausardia» itzuli diola esan zuen. «Nire bizitza aldatu egin da. Istripuaren ostean txikituta nengoen. Orain lasai nago, berriro ere martxan jartzea lortu dut», eman zuen aditzera. «Berriro ere aurre egin diezaioket jendearen begiradari».
38 urte ditu Isabelle Dinoirek, eta aurpegia suntsituta ezertarako gogorik gabe geratu zen, lur jota. Bi alabaren ama da, eta berriro ere haiekin kalera irteteko moduan aurkitzeak bizitzeko gogoa piztu diola dio.Bernard Devauchelle medikuak ere hartu zuen hitza atzoko agerraldian. Berak parte hartu zuen ebakuntzan.Aurpegi suntsitua ikusi orduko «ekintzarako unea» zela ikusi zutela gogorarazi zuen. «Ez genuen inolako zalantzarik izan». Txalotu egin zuen Isabelle Dinoirek prozesu osoan zehar erakutsi duen adorea: «Orain transplantea berea da».Ebakuntza egin aurretik agerian utzi zuten medikuek zailtasun handiak zituela, teknikoki egiteko modukoa bazen ere. Hartzaileak, esaterako, bizi osorako tratamendu immunosupresorea jarraitu beharko du, bere immunitate sistemak aurpegia ez dezan atzera bota. Aurpegi eraberrituak izango zuen itxuraren gainean ere, dudak zeuden. Emaileak hartzailearen itxura hartuko zuela zioten, baina bere zenbait traza ere mantenduko zituela: «Aurpegi hibridoa izango du».Transplante honen jarraipena egiten aritu den Jean-Michel Dubernard sendagileak atzo aditzera eman zuen beste bost aurpegi transplante egiteko baimena eskatuko diotela Frantziako Osasun Ministerioari.
Esker ona medikuei eta emailearen familiari
Esker ona erakutsi zien atzo Isabelle Dinoirek ebakuntzan parte hartu zuten medikuei, bai eta aurpegi emailearen familiartekoei ere. Emakume haren gorputza makina bati lotuta bizirik mantendu zuten, familiak ebakuntza egiteko baimena eman zuen arte.
Aurpegia suntsitu zion ezbeharra ere gogora ekarri zuen atzo Isabelle Dinoirek. Gordin. Izan ere, arazo pertsonal batzuk ahazteko asmoz, pilulak hartuta lurrean zegoela azaldu zuen, konortea galduta. Etxean zuten txakurra esnatzen saiatu zen. Bortizki egin zuen bere lana, eta hozkaka Isabelle Dinoireren aurpegia suntsitu zuen. «Esnatu nintzenean zigarro bat pizten saiatu nintzen». Alferrik. «Ez nuen ulertzen zergatik ezin nuen hartu nire ezpainen artean...». Orduan jabetu zen gertatu zenaz: «Ispiluan begiratu nintzen, eta ikaratuta geratu nintzen». Aurpegia txiki-txiki eginda edukitzeak oinaze «fisikoa» eta «psikologikoa»sortarazi zizkiola gogorarazi zuen.
«Beste edonork bezala nik ere aurpegi bat dut orain»
Azaroan aurpegi transplantea egin zioten emakumeak agerraldia egin du prentsaren aurrean; pozik dagoela dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu